Gizartea -
NAFARROA
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, homizidio saiakera delitua leporatuta
Asteburuan Iruñeko Donibane auzoko taberna batean gertaturiko eraso batekin lotura duelakoan atxilotu dute 34 urteko gizona. Erasoan, beste gizon bat larri zauritu zen eta ospitaleratuta jarraitzen du.
EITB MEDIA
Iruñeko Donibane auzoan gizon bat atxilotu dute bart, homizidio saiakera delitua leporatuta, Udaltzaingoak Euskadi Irratiari baieztatu dionez. 34 urteko burlatarra da eta asteburuan Donibaneko taberna batean izandako eraso batekin lotura duelakoan atxilotu dute. Erasoan, beste gizon bat larri zauritu zen eta ospitaleratuta jarraitzen du.
Igande goizaldean gertatu zen erasoa. Ikerketaren arabera, ustez labana batekin edo puskatutako botila baten kristalarekin zauriak eragin zizkion tabernan zegoen beste gizon bati.
Zauriak ditu lepoan, besoetan eta bular aldean, eta Iruñeko ospitalean larri jarraitzen du. Dena dela, arriskutik kanpo dago eta datozen orduetan hartuko diote deklarazioa biktimari.
Udaltzaingoa gertaturikoa ikertzen ari da, homizidio saiakera izan ote zen eta pertsona gehiago nahastuta egon ote ziren argitzeko.