Gizartea -
Tximino-baztanga
Espainiak Imvanex baztangaren aurkako txertoaren erosketan parte hartuko du, EBrekin batera
Europako Sendagirien Agentziak (EMA) Imvanex txertoa 2013an baimendu zuen. AEBn Jynneos izenarekin merkaturatzen da. Txertoak % 85eko babesa eskaintzen du tximino-baztangaren aurrean.
Agentziak | EiTB Media
Carolina Darias Osasun ministroak baieztatu duenez, Imvanex baztangaren aurkako txertoaren erosketan parte hartuko du Espainiak, EBrekin batera, Europako Batzordeko Osasun Larrialdiei aurre egiteko Prestakuntza eta Erantzun Agintaritzaren (ERA) bidez.
Europako Sendagirien Agentziak (EMA) Imvanex txertoa 2013an baimendu zuen. AEBn Jynneos izenarekin merkaturatzen da. Txertoak % 85eko babesa eskaintzen du tximino-baztangaren aurrean.
"ERAk Estatu kideen esku jarriko du baztangaren aurkako txertoa, kasu honetan Imvanex", azaldu du ministroak, Lurralde Arteko Kontseilua bukatu ondoren, prentsaurrekoan. "Espainiak, gainerako estatu kideekin batera, parte hartuko du", erantsi duenez.
"Une bakoitzean aurkezten diren osasun erronkei aurre egiteko, Estatu kideak prest egon behar garela irakatsi digu pandemiak; horregatik, Europako Batzordearekin eta ERArekin batera lan egin dugu, beharrezko baliabideak bidezko modu batean eskuratu ahal izateko", zehaztu du ministroak.
ERA "Bavarian Nordic Danimarkako konpainiarekin harremanetan dago, eta modu proportzionalean banatuko diren dosiak eta epeak erabakiko ditu", covidaren aurkako txertoekin gertatu bezala. Orduan biztanleriaren arabera banatu zirela gogorarazi du Dariasek, "mugatuak" diren dosiak "bidezko modu batean bereganatzean" datzalako.
Fernando Simon Osasun Larrialdi eta Alerten Koordinazio Zentroko zuzendariak Ourense bisitatu du asteazken honetan, hiriko Medikuen Elkargoak covid-19aren inguruan antolatutako jardunaldien markoan. Ekitaldia hasi baino lehen, tximino-baztangaren aurrean "lasaitasun eta zuhurtzia" mezu bat zabaldu nahi izan du epidemiologoak. Oraingoz, "Espainian, txertoa ez litzateke beharrezkoa", adierazi du Simonek.