Gizartea -
Trafikoa
Bi pertsona zauritu dira A-8an, Muskizen, izandako ezbehar batean
Autobidea guztiz itxita egon da Bilboko noranzkoan ia bi orduz, eta pilaketa handiak sortu dira. Trafikoa N-634 errepidetik bideratu dute, eta han ere ilarak sortu dira.
E.G. | EITB MEDIA
Bi ibilgailuren arteko talkaren ondorioz, A-8 autobidea itxi behar izan dute gaur Muskiz parean (Bizkaia), eta Bilboko noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Ilara luzeak sortu dira, laupabost kilometrorainokoak. Errepidea 14:30ean zabaldu dute berriro.
Iturrion arabera, furgoneta batek eta auto batek talka egin dute 11:00ak aldera 136 kilometroaren parean. Ezbeharrean, bi pertsona zauritu dira, eta biak ala biak Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte.
Istripuaren ondorioz, autobidea itxi du Ertzaintzak, eta handik ordu eta erdira, errei bat zabaldu badute ere, ilara luzeak sortu dira. Trafikoa N-634 errepidetik bideratzen ari dira, eta han ere pilaketak sortu dira.