Gizartea -
Ikerketa
Arrakasta izan du bizitza luzatzeko egin duten lehen terapiak
Orain arte zahartzearen aurka erabili ez den estrategia bat garatu dute adituek. Terapia telomerasa (zahartzea atzeratzen duen entzima) eragiten duten zelulak sortzean datza.
Erredakzioa
Espainiako Ikerketa Onkologikoen Zentroko (CNIO) ikertzaileek arrakastarekin probatu dute zahartzearen aurkako lehen terapia genetikoa. Oraingoz, "zahartzearen aurkako terapiak", tratamendu bakar batekin, saguen bizitza % 24 luzatzea lortu du.
EMBO Molecular Medicine aldizkarian kaleratuko dute bihar ikerketa, zahartzearen aurka inoiz erabili ez duten estrategia bat garatzen duena. Tratamendua eragingarria eta segurua omen da (animaliekin egindako probetan, behintzat), eta zuzenean geneetan eragiten du. Terapia animalia helduekin eta behin bakarrik emanda erabili dute.
Zelulek telomerasa (zahartzea moteltzen duen entzima) sortzea eragitean datza terapia.
Orokorrean, terapiak animalien osasuna hobetu zuen eta adinarekin erlazionatutako gaixotasunak (osteoporosia, besteak beste) atzeratu zituen. Gainera, zahartzearen adierazleak (koordinazio neuromuskularra, adibidez) hobetu zituen.
"Minbizia izateko aukerak handitu gabe, telomerasarekin zahartzearen aurkako terapia egiteko aukera" erakusten du lan horrek, ikertzaileen arabera. "Pertsona helduen organismoek DNAn kalteak izaten dituzte, telomerasa gutxitu egin delako. Lan honi esker, telomerasa eragiten duen tratamendu genetikoak kalte horiek sendatzeko edo atzeratzeko aukera dagoela erakutsi dugu", gaineratu dute.