Gizartea -
Migrazioa
Gorenak El Tarajaleko tragediaren inguruko auzia artxibatzea berretsi du, nahiz eta 14 pertsona hil
CEARek eta beste elkarte batzuek kasazio-helegiteak aurkeztu zituzten, Cadizko Lurralde Auzitegiak 16 guardia zibilen aurkako auzia itxi ondoren.
Agentziak | EiTB Media
El Tarajaleko tragediaren inguruko auzia artxibatzearen aurka CEARek eta beste elkarte batzuek aurkeztutako kasazio-helegiteak atzera bota ditu Auzitegi Gorenak. Tragedia 2014ko otsailaren 6an gertatu zen. Erabakiarekin prozedura ixtea berretsi dute.
Ostegun honetan jakitera eman duten epaian, gai penaletarako aretoak azaldu du behin betiko largeste ebazpenaren kontra kasazio-helegitea aurkezterik ez dagoela. Gai penaletarako epaitegi batek hartutako erabakia da, 2015eko urriaren 5ean Prozedura Kriminalen Legea erreformatu baino lehen.
Ceutan egoitza duen Cadizeko Lurralde Auzitegiak behin betiko largestea agindu zuen. Tarajaleko kai-muturrean, 2014ko otsailaren 6an, 14 pertsona migratzaile hil ziren Espainiara iristeko ahaleginean. 16 guardia zibilen aurka auzia zabaldu zuten.
Auzitegiak ez zuen guardia zibilen ekintzen eta "heriotzen eta lesioen" artean "kausalitaterik" ikusi.
Gainera, auzitegiaren esanetan, "anormaltasun ñabarduraren" bat kenduta, guardia zibilek ez zuten "gehiegikeriaz jokatu".