Gizartea -
Trafikoa
Donostiako Saihesbideko errei bat itxiko dute igandetik aurrera, Marrutxipiko lanengatik
Trafiko handiko tartea denez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusten du eragina handia izango dela, batez ere puntako orduetan. GI-40 eta GI-41 errepideetatik eta AP-8 autobidetik zirkulatzea gomendatzen du.
Agentziak | EITB Media
Igande honetan, Donostiako Saihesbideko (GI-20) erreietako bat itxiko da, bi urtez, Marrutxipiko lanak hasi direlako.
Galtzada Errenteriako noranzkoan okupatuko da, La Salle ikastetxearen eta Intxaurrondoko tunelaren irteeraren artean. Trafiko handiko tartea denez, eta batez beste eguneko 45.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen direnez, auto-ilara handiak sortuko direla aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak, batez ere puntako orduetan. Horregatik, GI-40 eta GI-41 errepideetatik eta AP-8 autobidetik zirkulatzea gomendatzen du.
Gipuzkoako hiriburuaren sarrera eta irteera berria eraikiko den eremuko lursaila prestatzen hasi da Foru Aldundia. Egin beharreko lanen artean, saihesbidearen zorua indartzea dago, obrak egin bitartean etorkizunean egingo diren desbideratzeak aurreikusten dituztelako. Bi urtez luzatuko dira lanak.