Gizartea -

Migrazioa

'Aita Mari' Mediterraneora abiatu da urteko bigarren misioan

Burrianatik (Castello) abiatuta, Mallorcako kaian geldialdi bat egingo dute, larunbatean eta igandean ate irekien jardunaldiak eskaintzeko.

'Aita Mari' euskal erreskate ontzia. Artxiboko irudia.
'Aita Mari' euskal erreskate ontzia. Artxiboko irudia.
'Aita Mari' euskal erreskate ontzia. Artxiboko irudia.

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari erreskate ontzia ostiral honetan itsasoratu da Burrianako (Castello) portutik Mediterraneo erdialderantz, Itsas Salbamendu Humanitarioaren (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean jakitera eman duenez.

Aurreko misioa orain dela hiru hilabete izan zen. Otsailaren 22an, euskal ontzia Vinarozeko portura iritsi zen, eta amaitutzat eman zuen urteko lehen misioa.

Orduan, arrisku-egoeran zeuden 176 pertsona erreskatatzea lortu zuen, ondoz ondoko bi operaziotan (105+71); horien artean 116 gizon, 18 emakume eta 42 adingabe. Horrez gain, arriskuan zeuden 280 pertsona lagundu zituen.

Ordutik, konponketa- eta mantentze-lanetan ibili dira itsasontzian, erreskate-misio berri hau gauzatu ahal izateko.

Misio honek hiru berezitasun ditu, aurrekoetan ez bezala. Burrianatik abiatuta, Mallorcako kaian geldialdi bat egingo dute, larunbatean eta igandean ate irekien jardunaldiak eskaintzeko, Fons Mallorqui de Solidaritat i Cooperacioko erakundearekin lankidetzan.

Gainera, oraingo honetan, Aita Mari-k Alfredo Bikondoa artistaren 'Bikonbota' izeneko artelana eramango du.

2022an 800 hildako baino gehiago

SMH gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2022an 800 pertsona baino gehiago hil dira itsasoan, babes bila egindako ibilbidean. Heriotza gehien, hegoaldeko zeharkaldian izan dira, non jende gehien saiatzen da helmuga hobe batera iristen.

2011. urteaz geroztik, gerrek Mediterraneoan eragindako migrazio-fluxuaren maila mantendu egin da, eta Senegal edo Tunisia bezalako herrialdeetan, covid-19ak eragindako pandemiak arrazoi ekonomikoengatik irteera bat bilatzera behartu ditu pertsona asko, SMHk erantsi duenez.

Aste honetan bertan, Aegean Boat Reportek salatu du Greziako kostazainek 107 gizon, emakume eta haur (gehienak afganiarrak) zeramatzan txalupa bat atzeman dutela, suntsitu egin dutela, eta motorrik gabeko plastikozko baltsetan sartzera behartu ondoren, Turkiako uretan utzi dituztela. "Itzulketa horiek ez dira kasu isolatuak, askotan gertatzen dira eta Europak finantzatzen ditu", salatu du SMHk.

Azpimarratu duenez, "beldurgarriak dira" Libiatik igaro diren Aita Mari-k erreskatatutako pertsonen istorioak. Gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, torturak, bortxaketak, tiroak, espetxeratzeak eta pertsonen salmenta dira jasan behar izaten dutena, "beren herrialdetik alde egin nahi izatearen delitu bakarra izanda".

"Egoera hori Europar Batasunak sustatu zuen, duela 5 urte herrialde horrekin akordio bat sinatu baitzuen, 455 milioi euro ordainduta migrazio-fluxuak kontrolatzeko, eta beste 57 milioi mugak kudeatzeko. Hau da, migratzaileak edo errefuxiatuak Europara iristea eragozteko", kritikatu du.

2017ko azarotik ari da Aita Mari Mediterraneoan lanean, eta ordutik zazpi misio egin ditu; hau, zortzigarrena da eta 700 bizitza baino gehiago salbatu ditu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Migrazioa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak