Gizartea -
Euskal errepublika
Euskal Herri osoan libre mugitzearen aldeko "burujabetza-ekintza" egin du Ehun mugimenduak
Euskal Errepublikako Herritartasun Agiria (EEHA) eman diete Afrikako zazpi pertsona migratzaileri eta, mozorrotutako dozenaka ekintzailez lagunduta, muga gurutzatu dute. Irunetik Baionako Pausa harrera-gunera joan dira.
Iker Rincon Moreno | EITB MEDIA
Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak "burujabetza" praktikan jartzeko desobedientzia-ekintza egin du larunbat honetan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Mozorrotuta, muga zeharkatu dute dozenaka lagunek, tartean, egoera irregularrean dauden Afrikatik etorritako zazpi pertsona.
Ekintzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Errepublikako Herritartasun Agiria (EEHA) eman diete pertsona migratzaile horiei, Euskal Herri osoan libre ibiltzeko "aukera" izan dezaten. Hala, Irunetik Baionako Pausa harrera-gunera joan dira gaur.
"Burujabetza-ekintza" horrekin, euskal errepublikarako "iraultza" abiatu dutela nabarmendu dute ekintzaileek. Halaber, Espainiako eta Frantziako estatuek "inposatutako muga arrazista" salatu dute berriro ere, orain dela gutxi beste ekintza batekin egin zuten bezala. Gogoratu dutenez, "Frantziak erabaki du Afrikatik datozen lagunak ezin direla pasatu Gipuzkoatik eta Nafarroatik Lapurdira, Behe Nafarroara eta Zuberoara". Neurri horren ondorioz, deitoratu dute urtez urte Afrikatik bizi hobe baten bila datozen hainbat lagun hil egiten direla Bidasoa ibaia gurutzatu nahian: "Gure Bidasoa ibaia heriotzaren sinonimo bilakatu dute".
Horren aurrean, "burujabetza-iraultzari" hasiera eman dion lehenengo ekintza egin dute larunbat honetan. Azaldu dutenez, "burujabetza-ekintzak, funtsean, gureak diren burujabetzak, baimenik eskatu gabe, praktikara eramaten hastean gauzatzen dira". Hala, gaurkoan, herritartasuna eskatzeko eskubidea eta Euskal Herrian libre mugitzeko "eskubidea" jarri dute martxan. "Gureak diren burujabetzak erabili egin ditugu", aldarrikatu dute Ehun mugimenduko kideek.
Gaurkoaren ondoren, datorren uztailaren 4an beste ekintza bat egingo dutela iragarri dute.