Gizartea -

KORONABIRUSA

EMAk irailean onartu nahi ditu covid-19aren aldaera berrietara egokitutako txerto berriak

Txerto berriak omikronen azpialdaeren transmisioa eteteko gai izango dira. Omikron izan da pandemia hasi zenetik sortu den aldaerarik kutsakorrena. Orain, ikerketa batek argitu du errefortzu dosiei esker %51 murriztu dela transmisioa azken olatuan.

Pertsona bat covid-19aren kontrako txertoa jasotzen. Argazkia: EFE
Pertsona bat covid-19aren kontrako txertoa jasotzen. Argazkia: EFE
Pertsona bat covid-19aren kontrako txertoa jasotzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) aurreratu duenez, aldaera berrietara egokitutako covid-19aren aurkako lehen txertoak irailean onartuko lirateke.

EMAtik adierazi dutenez, Europar Batasuneko egoera epidemiologikoa "kontrolpean dago", eta covid-19aren infekzioen eta kasu hilgarrien kopurua "izugarri jaitsi da", txertaketa estrategiei esker. Hori dela eta, herritarrek errefortzu dosia jasotzea gomendatzen dute eta 80tik gorakoek laugarren dosia. Izan ere, uda ostean covid-19 kasuen beste gorakada bat espero dute.

Europako zenbait herrialdetan izan den kutsatzeen gorakada omikronen BA4 eta BA5 azpialdaerek eragin dutela jakinarazi dute eta laster horiek izango direla nagusi EBn. Hori bai, ez dirudi aurrekoek baino gaixotasun larriagorik eragiten dutenik.

Ekaina eta abuztua artean espero dute saiakera klinikoei buruzko txostena eta gauzak ondo, irailerako emango lukete onarpena.

Txertoak berdinak izan behar direla mundu osoan defendatzen du EMAk. Izan ere, "txertoaren osaerari buruzko erabakiek eragin globala izango dute". Horregatik, mundu mailan sendagaiak arautzen dituzten agentzia guztiek bilera egingo dute ekainaren 30ean, "ikuspegi arautzaile harmonizatu" bat eztabaidatzeko.

Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburu Felix Zubiak gai honi buruz hitz egin zuen duela hilabete Euskadi Irratian eta benetan itxaropentsu agertu zen txerto berriek pandemia geldiarazteko izango duten paperarekin.

Txertoaren errefortzu dosiak % 51 murriztu du infekzio arriskua omikronek eragindako olatuan

Bestalde, Madrilgo Carlos III Osasun Institutuaren (ISCIII) ikerketa garrantzitsua argitaratu da aste honetan The Lancet Infectious Diseases aldizkarian. Ikerketaren arabera, koronabirusaren kontrako txertoaren hirugarren dosiak, errefortzukoa deitzen diotenak, %51 gutxitu du omikronekin kutsatzeko arriskua. Omikron aldaera izan da, hain zuzen ere, koronabirusa agertu zenetik kutsakorrena.

40 urtetik gorako 4 milioi pertsonaren datuak aztertu dituzte ikerketan, urtarrilaren 1etik otsailaren 6ra bitartean jasota (olatuaren gailurra 2022ko urtarrilean izan zen).

Ikerketaren emaitzek errefortzu dosiek Osasun Publikoaren covid-19aren kontrako estrategian duten eraginkortasuna baieztatu dute, beraz.

Ondorengo ikerketetan errefortu dosien babesak zenbat denbora irauten duen ikertuko dute, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa