Gizartea -
MIGRAZIOA
'Aita Mari' erreskate ontzia Palmako portutik atera da Mediterraneo erdialdera bidean
07:00etan abiatu da eta lauzpabost egun beharko ditu erreskate gunera iristeko. Urteko bigarren misio humanitario honen berri emango du Asier Sanchez EITB Mediako kazetariak ontzi barrutik.
EITB MEDIA
Aita Mari erreskate-ontzia 07:00etan atera da Palmako portutik Mediterraneo erdialdera bidean. Guztira, lauzpabost egun beharko ditu erreskate gunera iristeko, Libiatik 50 miliara eta Lampedusatik 100 bat miliara. Aita Mariren urteko bigarren erreskate-misioa izango da.
Aurreko misioan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migranteak erreskatatzea izango da helburua. Itsaso barea eta eguraldi ona baliatuta, ehunka migratzaile itsasotzen dira ekainean Europara iritsi nahian.
Bidaia horren lekuko berezia izango da EITB Media, izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetariak ontzi barrutik emango du misio humanitario horren berri.
ETBri eskainitako elkarrizketan, Izaskun Arriaran Aita Mariren misioaren buruak adierazi duenez, "misio guztiek daukate bere zailtasuna, guri oraingoan, adibidez, erregaien garestitzeak baldintzatu gaitu". "Ontzian 10-13 pertsona goaz, baina atzetik pertsona pilo daude, hasieratik laguntzen egon direnak", esan du.
Horrekin lotuta, misio berri hau babestera deitu ditu herritarrak. "Sar zaitezkete Itsas Salbamendu Humanitario erakundeko webgunean, eta han daude proiektu guztiak, ez bakarrik Aita Marirena, eta han dago informazio guztia eskura", azaldu du misio arduradunak, "laguntzeko mila aukera daude".
Aita Mariren 8. misioa izango da hau. Aurretik egindakoetan 113 bizitza salbatu dituzte, eta guztira 669 erreskate burutu dituzte. Horrekin batera, ehunka pertsona artatu dituzte.