Gizartea -
Haurren obesitatea
3 eta 5 urte bitarteko 4 haur espainiarretik batek gehiegizko pisua du
Ikerketa baten arabera, obesitatea gero eta adin txikiagotan hasten da (3 eta 5 urte arteko umeen % 7,3 daude gizen) eta 10 urtetik aurrera behera egiten du.
Erredakzioa
3 eta 5 urte arteko lau umetik batek gehiegizko pisua edo obesitatea du, Thao Fundazioak (Espainiako Estatuko udalerrietako eskoletan bizi-ohitura osasungarrien promozio programak sustatzen ditu) argitaratu duen ikerketa baten arabera.
“Adin oso goiztiarra da, kezkagarria da eta lan handia egin beharko dugu adin horietara iritsi aurretik haurren obesitatea prebenitzeko”, nabarmendu du gaur prentsaurrekoan Rafael Casas Thao Fundazioko zuzendari zientifikoak.
Gaur Bartzelonan aurkeztu duten txostena Estatuan inoiz egin den zabalena da. 3 eta 12 urte arteko 38.008 umeren lagina aztertuta, 3 eta 5 urte arteko umeen % 23,5ek obesitatea edo gehiegizko pisua duela ondorioztatu dute.
Orain arte kontrakoa pentsatu bada ere, ikerketak azaleratu duenez, obesitatea gero eta adin txikiagotan hasten da (3 eta 5 urte arteko umeen % 7,3 daude gizen) eta 10 urtetik aurrera behera egiten du (10 eta 12 urte arteko umeen % 6,6 daude gizen).
Bizi-ohitura desegokiak
Thao Fundazioko adituek ohartarazi dutenez, egoneko bizitza nagusitzen ari da; izan ere, 8 eta 13 urte arteko umeen % 24k egunean ordu bi ematen dituzte telebistaren aurrean, eta antzeko kopuru batek (% 24,4) beste horrenbeste denbora ematen du ordenagailuaren aurrean.
Ikerketaren arabera, umeen % 62k bakarrik jaten dituzte barazki freskoak edo prestatuak egunean behin, eta, egunari indar nahikoarekin ekiteko otordu garrantzitsuena gosaria izan arren, umeen % 66k bakarrik gosaltzen dute etxetik irten baino lehen. Bestalde, txostenak azaleratu duenez, 8 eta 13 urte arteko umeen % 4,1ek edari alkoholikoak kontsumitzen ditu.