Gizartea -
A-68 autobidean
Lapurreta egin dute Sartagudako ordainlekuan, pistola erabilita
Foru Gobernuaren arabera, lapurra oinez iritsi da ordainlekura, eta, langileari mehatxu egin ostean, dirua hartu eta errepiderantz alde egin du.
Erredakzioa
Txanodun batek lapurreta egin dio Vasco-Aragonesa autobideko langile bati pistola erabilita, Nafarroako Gobernuaren arabera. Lapurrak 100 euro eraman ditu.
Gertaera 01:26an izan da, autobideko 14. irteerako ordainlekuan, autobideak NA-123 Lodosa-Sartaguda errepidearekin bat egiten duen lekuan, hain zuzen. Langileak ez du zauririk izan.
Lapurra oinez iritsi da ordainlekura, eta, langileari mehatxu egin ostean, dirua hartu eta errepiderantz alde egin du.
Langileak berak eman du gertatutakoaren berri. Lizarrako Foruzaingoko eta Guardia Zibileko patruilak lapurretaren lekura joan dira eta ikerketaren ardura hartu dute.