Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntza Sailak 62,5 milioi bideratuko ditu unibertsitateaz kanpoko beketara 2022-2023 ikasturterako
Jaurlaritzak 2,5 milioi euroan igo du partida, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek laguntzak lortuko dituztela bermatzeko, eta behar izanez gero, zenbatekoa handitu egingo da. Derrigorrezko mailetan nahiz ondorengoetan emango dira laguntzak.
O. P. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 2022-2023 ikasturtean 62,5 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetara. Hezkuntza Sailak 2,5 milioi euroan handitu du partida, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek laguntza ekonomikoa jasoko dutela bermatzeko. Gainera, beharrezko izanez gero kopurua hori handitu egingo dela iragarri du, ikasle guztiek hezkuntzarako sarbidean aukera berdinak izango dituztela bermatu ahal izango da horrela, familiaren egoera ekonomikoa oztopo izan gabe horretarako.
Batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak egiten ari diren ikasleentzako laguntzak eskainiko dira, eta honako osagai hauetako bat edo zenbait probestu ahalko dituzte: kuota osagaia; ikasmaterialetarako osagaia; eta jantokiaren osagaia.
Bestalde, derrigorrezko hezkuntza osteko mailetan, unibertsitatekoak ez diren ikasketetan ere ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia ere egiten da. Hau da, Batxilergoa, Lanbide Heziketako Zikloak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Heziketa Zikloak, Musika eta dantzako ikasketa profesionalak, kirol-irakaskuntzak eta hizkuntza-irakaskuntzak hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan ikasketak egiteko laguntzak.
Irakaskuntza horietako ikasleek honako beka-osagai hauek eskatu ahal izango dituzte: eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eskatzailearen ikasturteko bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia; oinarrizko bekaren osagaia; errendimendu akademikoaren bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eta zenbateko osagarriaren osagaia.
Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, 2021-2022 ikasturtean, 114.842 ikaslek jaso dituzte unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetarako bekak Euskadin, eta 185.326 laguntza eman dira guztira (beka osagaiak aintzat hartuta).
Ikasturte honetan (2020-2021 beka deialdiarekin) onuradun izan diren ikasleei dagoeneko betetako eskaera-inprimakia emango zaiela azaldu du sailak.
Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean izango da zabalik.