Gizartea -
HEZKUNTZA
Ikasleen % 97,62k Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa gainditu dute Euskadin
Aurkeztu diren 12.107 ikasleetatik 11.819k gainditu dute, aurreko urtean baino ikasle gutxiagok.
N. B. | EITB MEDIA
Ikasleen % 97,62k Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa gainditu dute Euskadin. Lehen datuen arabera, EHUn Unibertsitatera sartzeko probara aurkeztu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 12.107 ikasletik 11.819k gainditu dute, hau da, % 97,62k gainditu dute. Iazko edizioan, berriz, gaindituen ehunekoa % 98,35ekoa izan zen.
Gaindituen indize handiena Gipuzkoan izan da (% 98,53, 4.296 ikaslek gainditu baitute); ondoren, Araban (% 98,26 eta 1.639 ikaslek gaindituta) eta urrunago, Bizkaian (% 97,14 eta 5.866 ikaslek gaindituta).
Aldeak handiagoak izan dira azterketa egin duten hizkuntzaren arabera: euskaraz % 98,45ek gainditu dute (9.092 ikasle) eta gaztelaniaz, % 94,95ek (2.727 lagun). Sexuen arabera, ia ez da alderik egon: nesken % 97,86k gainditu dute (6.776) eta mutilen % 97,30ek (5.043).
Kalifikazioak EHUk eman dizkie ikasleak matrikulatuta dauden bigarren hezkuntzako ikastetxeei, eta ikasleek beraiek kontsultatu ahal izan dituzte gaur bertan unibertsitatearen webgunean. Arazo teknikoak direla eta, notak 12:00etan atera beharrean, 13:00ak aldera argitaratu dituzte.
Notak berrikusteko eskaera ekainaren 17, 20 eta 21ean aurkez daiteke, eta proben behin betiko emaitzak ekainaren 28an argitaratuko dituzte. Azterketak ikusteko eskaera ekainaren 29an eta 30ean egin behar da.
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ezohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an egingo dute. Aurkeztu nahi duten ikasleek ekainaren 23tik 28ra egin beharko dute matrikula.