Gizartea -

bizkaia

Hiltegi bat itxi dute, lokal asiarretan okela osasun-kontrolik gabe saltzeagatik, horietako bat Basaurin

Guardia Zibileko agenteek 650 animalia aurkitu zituzten ustiategian, eta horiek sakrifikatzeko agindu zuten, trazabilitate faltagatik eta antzemandako salmonella positiboengatik.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naturaren Babeserako Zerbitzuko (Seprona) Guardia Zibileko agenteek Madrilgo lursail batean kokatutako legez kanpoko hiltegi bat itxi dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Zuzendaritza Nagusiarekin batera eta Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zuzendariordetza Nagusiaren babesarekin. Horretarako, ikuskapenak egin dituzte erkidego desberdinetako lokal asiarretan, Basauriko (Bizkaia) lokal bat tartean, horietara baitzihoan inolako osasun-kontrolik gabeko okela.

Sepronak elikagai iruzurraren aurkako kontrolak areagotu zituen, iragan otsailean Madrilgo Erkidegoan antzemandako lehen hegazti-gripe kasuaren berri izan ostean.

Operatibo horri esker, agenteek Madrilgo lursail bat aurkitu zuten. Bertan animaliak sakrifikatzen zituztela eta ustiategian bertan gorpuzkiak erretzen zituztela egiaztatu zuen Guardia Zibilak. Jakin zuen furgonetetan zein hotz-katerik gabeko autoetan ateratzen zutela sakrifikatutako animalien okela.

Salerosgai horiek Fuenlabradako poligono batera garraiatzen zituzten batzuetan, eta bertatik jatetxeei banatzen zizkieten. Besteetan, saltoki bateko hozkailuetan gordetzen zuten okela, ondoren mezularitza zerbitzu baten bitartez banatzeko.

Inolako osasun-kontrolik gabe garraiatzen zuten produktua. Hori dela eta, ustiategiaren eta banaketaren arlo administratiboko egiaztapen guztiak eginda, abeltzaintza ustiategia arakatu zuten Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Zuzendaritza Nagusiko ikuskatzaileekin batera, epailearen baimenarekin.

Lursailera sartzean, agenteek 650 animalia aurkitu zituzten (oiloak, ahateak, ahuntzak, txerriak eta astoak), eta koarentenan ipini zituzten, Erkidegoko langile teknikoek zegozkien probak egiteko. Proba horiek emaitza positiboa eman zuten salmonellan eta, hortaz, animaliak sakrifikatzeko agindua eman zuten.

Lokalaren osasungarritasunik ezak sei pertsonaren atxiloketa eragin zuen. Jarraian, operatiboak banandutako jenero guztiaren bilaketari eta konfiskatzeari ekin zion.

Gainera, Guardia Zibilak beste hamabi pertsona ikertu ditu iruzur delituengatik, merkatuaren eta kontsumitzaileen aurka eta osasun publikoaren aurka. Publikoari helarazteko prest zeuden 350 kilo okel konfiskatzea baimendu du operazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Euskal hiriburuak Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa