Gizartea -

EITB, AITA MARIN

Aita Mari ontziak erreskatatutako 112 migratzaileak aldi baterako atxikitze zentroetara eraman dituzte

Ekainaren 6an Mallorcatik abiatu zenetik, Itsas Salbamenduko ontziak lau erreskate egin ditu, eta 113 pertsona atera ditu uretatik. Ontzia 112 pertsona migratzaile zeramatzala iritsi da portura; izan ere, erreskatatuetako bat ospitalera eraman zuten duela egun batzuk bere osasun-egoeragatik.

Ontzitik ateratzen, Siziliako portuan. Asier Sanchezen irudia.
Ontzitik ateratzen, Siziliako portuan. Asier Sanchezen irudia.
Ontzitik ateratzen, Siziliako portuan. Asier Sanchezen irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan Aita Mari itsas salbamendurako ontziak Mediterraneoan erreskatatutako 112 migratzaileak gaur goizean lehorreratu dira Sizilian, emozionatuta eta pozarren. Europara heltzea lortu dute, eta, orain, horien etorkizuna agintarien esku dago.

Guztira, 27 adin txikiko erreskatatu dituzte eta horiek guztiak adingabeentzako zentroetara eraman dituzte. Gainerako migratzaileak, berriz, aldi baterako atxikitze zentro ezberdinetara eraman ditu Poliziak.

Hiruzpalau egun igaroko dituzte zentro horietan eta egoera irregularrean daudela dioen agiri batekin aterako dira handik. EITB Mediari kontatu diotenez, askok Europan dituzte senideak eta, besteak beste, Frantziara eta Herbehereetara joango dira. Beste hainbatek Italian geratzeko asmoa adierazi dute.

Espero zenaren kontra, lehorreratzea azkarra izan da. Lehenik, adin txikikoak eta familiak atera dira eta, ondoren, beste guztiak. Ontzitik irtetean, medikuek azterketa azkar bat eta covid-proba egin diete. Horrela amaitu da, helburua beteta, joan den ekainaren 6an Mallorcako portutik itsasora abiatzean hasitako misioa. 

Ontzia uzteko prestatzen. (Asier Sanchez)

Izaskun Arriaran misioaren koordinatzaileak Egun On Euskadi saioan nabarmendu duenez, "poztasuna" izan da nagusi ontzian porturatzeko baimena zutela jakin zutenetik. Halere, egun zailak izan direla onartu du, "misiorik gogorrena izan da dudarik gabe, lau erreskate egin ditugu, egoera eta ezaugarri ezberdinekin denak ere" eta une oso bortitzak bizi izan dituzte ontzian, tentsio momentuak tartean. 

Gainera, elkarrekin pasa dituzten egun hauetan guztietan, tripulazioak erreskatatutako pertsona bakoitzak bizkarrean daraman bizitza eta istorio gogorren berri izan du,  Suzanarena kasu, Eritreatik 13 urterekin ihes egin zuen neskarena, edo Soukaynarena, hiru seme-alabak hartu eta itsasoa gurutzatu duen 30 urteko emakumea. 

Soukayna, lehorrean, seme-alabekin.

Pertsona horien etorkizunaz galdetuta, Arriaranek argitu du adin txikikoak direnak zentroetara eramango dituztela eta besteek hiru urteko bidaia luzeari ekingo diotela, eskaerak egin eta paperak lortu arte. "Bidaia ez da amaitu eta beraientzat gogorra izango da oraindik ere", azpimarratu du.  

Adin txikikoak izan dira lehorreratzen lehenak, Asier Sanchezek bideoan jaso du momentua: 

Misio gogorra bezain arrakastatsua

Aita Marik egunak zeramatzan Mediterraneoan erreskatatutako 112 pertsona migratzaileak lehorreratzeko portu bila, eta atzo Sizilian porturatzeko baimena eman zion Italiak.

Azken egunetan, ontzi barrutik ohartarazi dute tentsioa handia zela espazio mugatuak, estresak eta bizikidetza zailak eraginda. Izan ere, itsasoan erreskatatu dituzten pertsona horietako batzuk ekainaren 14tik egon dira barruan.

Misio honetan, Aita Marik lau erreskate egin ditu. Azkena ostiralean izan zen eta 45 pertsona salbatu zituen. Aurrez, 11, 17 eta 40 pertsona erreskatatu zituen. Beraz, 113 pertsona guztira.

Horietako bat, Hamsa 15 urteko mutil etiopiarra, Lampedusan lehorreratu zuten iragan ostiralean ospitale arreta behar zuelako.

EITB Media azken misio honen lekuko berezia izan da. Izan ere, Asier Sanchez kazetaria ontzian joan da, bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko eta kontatzeko.

Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.

Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea izan da helburua.

Izaskun Arriaran: "Lasai eta pozik gaude; orain arteko misiorik gogorrena izan da"
Izaskun Arriaran: "Lasai eta pozik gaude; orain arteko misiorik gogorrena izan da"
Izaskun Arriaran: "Lasai eta pozik gaude; orain arteko misiorik gogorrena izan da"

07:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Eskubide unibertsalak GKEen albisteak Aita Mariren azken ordukoa Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak