Gizartea -

SUTEAK NAFARROAN

ELAk eta LABek Nafarroako Gobernuaren "aurreikuspen falta" salatu eta suhiltzaile gehiago eskatu dituzte

ELAk proposatu du suhiltzaile helitransportatuen talde finko bat sortzea Nafarroan. LABen arabera, egitura, langileak eta baso suteei aurre egiteko talde espezifiko bat falta dira.

Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean
Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Nafarroan izan diren suteen harira, Nafarroako Gobernuaren "aurreikuspen falta" salatu dute ELAk eta LABek, eta giza baliabide eta material gehiago bideratzea eskatu dute. Sindikatu bakoitzak agiri bana argitaratu du balantzea egiteko eta erantzukizunak eskatzeko.

ELAk Nafarroako Gobernuari aurpegiratu dio protokoloak beranduegi martxan jartzea eta uzta biltzeko debekua berandu ezartzea. Gaineratu duenez, ez dago suhiltzaile eta baliabide material nahikorik.

Baliabide materialak eta giza baliabideak falta direla dio ELAk. Halaber, suari aurre egiteko garaian "koordinazio falta" egon dela nabarmendu dute sua itzaltzeko zeregina dutenak "suaren lekutik urrun" egon direla iritzita. "Horren ondorioz, kaboek (baldin bazeuden) edo suhiltzaileek beraiek erabaki behar izan dute suteak itzaltzen saiatzeko estrategia", gehitu du.

Hori guztia dela eta, ELAk proposatu du baliabide materialak eta giza baliabideak handitzea, suhiltzaile helitransportatuen talde finko bat sortzea urte osorako, protokoloak berrikustea, lanean ari diren suhiltzaileen atseden eta txanda protokoloak berrikustea, eta ekipamendua berrikustea eta hobetzea.

Bestalde, LAB sindikatuaren iritziz, premiazkoa da Nafarroako suhiltzaileen zerbitzua berrantolatzea eta indartzea. Gainera, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du, baso-suteen harira izandako "aurreikuspen, alerta-gaitasun eta prebentzio neurrien faltagatik".

Barne zuzendariaren dimisioaz gain, LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio zerbitzua egoki antolatu eta dimentsionatzea, gutxieneko operatiboa handitzea parke guztietan, suhiltzaileen kopurua handitzea, baso suteei aurre egiteko talde espezialista sortzea, eta Baso Suteetarako Larrialdi Plana (Infona) berrikustea.

Urko Araiz LABeko kidearen esanetan, "larrialdi-egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da. Adibidez, Leireko sutea piztu zen gauean, parte hartu zuten lehenbizikoak Zangozako parkeko hiru suhiltzaileak baino ez ziren izan, txandan zeudenak, hau da, ezarritako gutxienekoa, eta praktikan eguneroko maximoa dena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Suteak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Suhiltzaileak azken ordukoa