Gizartea -
Epaiketa Iruñean
Akusatuari hilketa delitua leporatzeko eskatu du Lavanderaren aitak
Asier Lavandera gazte donostiarrak bost labankada jaso zituen Lekunberriko diskoteka baten atarian 2010ean, eta hil egin zen. Fiskalak 14 urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzat.
Erredakzioa
Asier Lavandera gaztearen hilketa argitzeko epaiketa hasi da astelehen honetan Iruñeko Justizia Auzitegian. Gazte donostiarra 2010eko urtarrilaren 16an hil zen Lekunberriko Mao Mao diskotekaren atarian hainbat labankada jaso eta gero. Epaiketa herri epaimahaiarekin izango da eta ostirala arte luzatuko da.
Lehen auzialdiko epaitegiko titularrak Sergio Fernando S.R. akusatuare aurkako epaiketa irekitzea eskatu zuen 2010eko urtarrilaren 16an Lekunberriko diskotekaren atarian izandako hilketaren harira. Ebazpen hartan epaileak behin-behineko espetxeratzea eta 400.000 euroko fidantza ezarri zizkion auzipetuari. Halaber, Diego V.M. gaztea hilketaren estaltzaile gisa jotzen zuen auzia artxibatzea erabaki zuen magistratuak.
Hilketaren eguneko datuak
Auto hartan jasotzen denez, Sergio Fernando eta Diego, beste bi gazterekin batera, Mao Mao diskotekara joan ziren, eta lokala itxi ostean atarian geratu ziren. Bertan, Asier Lavanderarekin egin zuten topo, hau ere lagun batzuekin joan zen diskotekara, eta antza, eztabaida bat hasi eta bost labankada jaso zituen. Zauri larri haiek eragindako odoljarioaren ondorioz hil egin zen.
Fiskalak 14 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 200.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du Asier Lavanderaren ustezko hiltzailearentzat. Akusazio partikularrak, berriz, 25 urteko espetxe zigorra eta 300.000 euroko kalte ordaina eskatzen ditu.
Biktimaren familiak akusatuari hilketa delitua egoztea nahi du
Manuel Lavandera, Lekunberriko diskoteka baten atarian labankadak jasota hil zen gaztearen aitak epaimahaiak "erabaki zuzena" hartuko duen itxaropena duela adierazi die kazetariei eta akusatuari hilketa delitua leporatu diezaiotela eskatu du.
Aitak esan duenez, semea hil eta hilabetera, akusatuak "kartzelan egon" behar zuela jakin zuten, bi zigor omen zituen betetzeko.
Justiziak "espetxean egon behar zuen ala ez argitzea" espero duela azpimarratu du, eta inork akatsen bat egin badu "isuna jartzea edota egindakoagatik ordaintzea" gustatuko litzaiokeela gaineratu du.