Gizartea -
Sanferminak
Nuñez del Cuvilloren zezenek entzierro arina egin dute
Bi minutu eta erdi besterik ez dute behar izan ibilbidea osatzeko. Tentsio une txikiren bat egon den arren, garbia izan da orokorrean.
I.G. | eitb media
Nuñez de Cuvilloren zezenek 2022ko sanferminetako lehen entzierroa egin dute bi urtez Iruñeako kaleak korrikalari eta zezenik gabe izan ostean.
Ibilbidea bi minutu eta erdian egin dute, tentsio une txikiren bat egon den arren.
Zortzi zezenak 08:00etan puntuan irten dira, eta, lehen momentutik, erritmo bizia hartu dute.
Guztira, sei korrikalari eraman dituzte Nafarroako Ospitalera, entzierroa amaituta, hainbat traumatismo pairatuta. Bostek ostegun honetan bertan jaso dute alta, baina bat, 16 urteko neska bat bera, ospitaleratuta dago oraindik, pronostiko erreserbatua duela; Zezen Plazan zauritu da.
Horrez gain, 33 urteko gizonezko batek, Cintruenigokoa bera, traumatismo arina jasan du, Xabierreko Jaitsieran. 19 urteko beste gizonezko batek, Bilbokoa bera, traumatismo arina izan du, Zezen Plazan.
Halaber, 28 urteko iruindar gizonezko bat ere ospitaleratu dute, Santo Domingo kalean traumatismo arina jasota. Atlantatik (AEB) etorritako 30 urteko gizonezko batek Udaletxeko tartean izan du traumatismoa, pronostiko erreserbatukoa. Azkenik, iruindar gizonezko batek, 45 urtekoa bera, traumatismo arina izan du, Espoz y Mina tartean.
ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Sanferminetako entzierroan egoki korrika egiteko gida