Gizartea -
sanferminak
Bigarren entzierroa arina, tentsio handikoa eta oso jendetsua izan da, susto askorekin
Fuente Ymbroko ganadutegiko zezenek oso arin bete dute ibilbidea. Zezen taldea luzatzen joan da ibilbidean zehar, eta hiru minutu inguru behar izan dute plazan sartzeko. Lehen balantzearen arabera, sei pertsona eraman dituzte ospitalera, kolpe txikiren bat hartu edo orkatila bihurritu dutelako.
i.g. | eitb media
2022ko sanferminetako bigarren entzierroa oso arina izan da, korrikalari askok parte hartu dute, eta tentsio uneak bizi izan dira.
Zezen taldea oso arin joan da hiriburu nafarreko kaleetan zehar, eta, azkenean, ilara luzatu egin da zezenetako bat atzean geratu delako.
Guztira, hiru minutu inguru behar izan dituzte ibilbidea osatzeko, atzean geratu den aipatutako zezenaren eraginez. Gainerakoak, buruan joan direnak, bi minutu bete eta gutxira sartu dira.
Entzierroaren une batean, zezenetako batek talka egin du hesiaren aurka, eta, ondoren, buelta eman du; tentsio handiko unea izan da.
Lehen balantzearen arabera, sei pertsona eraman dituzte guztira ospitalera, kolpe txikiren bat hartu edo orkatila bihurritu dutelako.
Entzierroaren protagonistak Fuente Ymbroko zezenak izan dira, 500 eta 585 kilo arteko pisua dute, eta 2018an izan ziren azkenekoz Iruñeako kaleetan korrika egiten.
Zaurituen balantzea
Gurutze Gorriak goizean jakitera eman duenez, sei lagun eraman dituzte larrialdietako zentroetara bigarren entzierroan. Guztira, Gurutze Gorriak entzierroarekin lotutako 69 esku hartze egin ditu; gehienak, 34, sendaketak izan dira, eta beste 14, ostikoak jasotzeagatik.
Hain zuzen ere, Nafarroako Ospitalera eraman dituzten bost pertsonak traumatismoak jasan dituzte entzierroko tarteren batean; beste batek, halaber, erorikoa izan du, hesitik jausi omen da.
Foru Gobernuak emandako azken informazioaren arabera, osteguneko entzierroa bukatuta ospitalera eramandako sei lagunetako bakarra dago oraindik ospitaleratuta.
Gainera, azken 24 orduetan, hamar pertsonak behar izan dute arreta bide publikoan eta Lehen Arretako Unitatean.