Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Atertu egingo du eta udaberri giroa itzuliko da

Eguerdian hobera egingo du eguraldiak eta asteazkenerako eguzkia nagusituko da.

Donostia. Argazkia: Pako Castellanos
Donostia.
Donostia. Argazkia: Pako Castellanos

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotako euriteek ostarteei eta giro epelagoari utziko diete lekua gaur arratsaldetik aurrera. Hori horrela, bihartik aurrera udaberri giroa itzuliko dela espero da.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur giro umelarekin eta bustiarekin hasiko dugu eguna, baina arratsaldean, orduek aurrera egin ahala, eguraldiak hobera egingo du. Goizean zaparradak botako ditu, kantauri isurialdean batez ere, baina euria arina eta garrantzi gutxikoa izango da. Eguerditik aurrera atertzeko joera hartuko du eta apurka-apurka hegoaldetik hasita ostarteak zabalduko dira. Tenperaturak gora egingo du eta maximoak 17-18 ºC-ren bueltan geldituko dira.

Asteazken goizaldean lanbro apur bat sortuko den arren, berehala altxa eta giro eguzkitsua gailenduko da. Zerua ez da erabat garbi egongo, kostaldetik hurbil tarteka behe-hodei agertuko direlako. Tenperatura minimoak jaitsiko dira apur bat; maximoak berriz, gorago ibili eta 20 ºC-ren muga gaindituko dugu. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da, arratsaldean eki/ipar-ekialdekoa nagusituz.

Ostegunean giro polita espero dugu. Zerua, oro har, hodei gutxirekin egongo da, baina kantauri isurialdean tarteka laino maskalak sartuko dira. Haizeak ekialdetik joko du eta tenperatura maximoak igo egingo dira, 25 ºC-tik gora kokatuz barnealdeko zenbait puntutan. Kostaldean brisa altxatu eta bertan termometroa 23 ºC-ren bueltan errendituko da.

Ostiraletik aurrera, tenperaturek gora egingo dute eta ostarteak lainoei nagusituko zaizkie. Hala ere, larunbaterako tenperaturak jaitsi eta lainoak itzuliko direla espero da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali zure argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea