Gizartea -
Eustaten datuak
Bidaiarien kopurua % 7 jaitsi da EAEn apirilean
Landa-turismoan, ordea, lehengo urteko datuekin alderatuta, sarrerak % 5 hazi dira apirilean. Lurraldeka, % 1 Araban, % 2 Bizkaian eta % 9 Gipuzkoan.
Erredakzioa
EAEko hoteletan ostatu-gauak gutxitu egin dira aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Zehazki, 195.679 bidaiari hartu dituzte apirilean; % 7 gutxiago. Jaitsiera handiena Gipuzkoan izan da, izan ere, turistek hoteletan emandako ostatu-gauak % 11 gutxitu dira.
Eustat estatistika erakundeak jakinarazi duenez, lehengo urteko apirilarekin alderatuta 13.793 sarrera gutxiago izan dira. Lurraldeka, sarrerak % 4 gutxitu dira Bizkaian, % 6 Araban eta % 11 Gipuzkoan.
Beherakada, batik bat, Estatuko turista kopuruaren jaitsierak eragin du, urtez urteko datuak kontuan hartuta, % 10 jaitsi baitira. Atzerriko bidaiarien kopurua, ordea, pixka bat igo da; % 0,4.
Egonaldiaren batez bestekoa igo egin da, eta 2011ko apirilean 1,85 egun ziren bitartean, 2012an 1,91ra igo da.
Aste Santuan eta Pazko Astean ere bidaiari kopurua jaitsi egin da, % 9,2 hain zuzen.
Landa-turismoan, ordea, 12.032 sarrera izan dira eta lehengo urteko datuekin alderatuta, sarrerak % 5 hazi dira apirilean. Lurraldeka, % 1 Araban, % 2 Bizkaian eta % 9 Gipuzkoan.
Igoera, batez ere, Estatuko bisitarien kopuruak eragin du; % 11 gehiago zenbatu dituzte (% 17 Gipuzkoan, % 5 Araban, eta % 4 Bizkaian). Atzerritarrei dagokienez, berriz, % 40 gutxiago etorri dira.