Gizartea -
Uda minean
Bero bolada astelehenera arte luzatuko da
Santiago Gaztelumendi Euskalmeteko koordinatzaileak iragarri duenez, larunbatak asteazkenaren antz handia izango du, edo "apurtxo bat gehiago berotuko du". Gainera, igandean eta astelehenean, termometroek zertxobait gorago egin dezaketela ohartarazi du.
EiTB Media
Bero bolada datorren astelehenera arte luzatuko dela baieztatu du Santiago Gaztelumendi Euskalmeteko koordinatzaileak "Cronica de Euskadi" Radio Euskadiko saioan.
Asteazken honetan, bihar, osteguna, eta etzi, ostirala, baino bero handiagoa egin duela esan du Gaztelumendik, baina gradu bateko aldeaz ari dela zehaztu du.
Hala ere, larunbatak asteazkenaren antz handia izango du, edo "apurtxo bat gehiago berotuko du", erantsi duenez. Gainera, igandean eta astelehenean, termometroek zertxobait gorago egin dezaketela ohartarazi du.
"Litekeena da beroak gurean jarraitzea astelehenera arte", azpimarratu du. Euskalmeteko koordinatzaileak azaldu duenez, "zazpi bero egun" bata bestearen atzetik pilatuko ditu Euskal Herriak, eta "nolabaiteko salbuespena", onartu du, baina alarmismoan erori gabe.
Herritarrek lo eta atseden hartzeko zailtasun handiagoak izango dituztela adierazi du Gaztelumendik, tenperatura minimoek gauean ez dutelako nahikoa behera egingo.
Bero bolada punturik gorenera iritsi da asteazken honetan, eta, Euskal Herriko hainbat txokotan, termometroek 35 graduak gainditu dituzte berriro.
Foru Erkidegoko zati handi bat alerta laranjan dago tenperatura altuengatik, eta, datozen egunetan, hala mantenduko da. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan, Araba alerta laranjan dago.
Eusko Jaurlaritzak Baso-Suteetarako Plan Bereziaren alerta fasea ezarri du Araban, egunotarako lurralde horretan espero diren tenperatura altuak tarteko.