Gizartea -
Hezkuntza
Abian da EHUn matrikulatzeko epea 19.000 aurrematrikulazio baino gehiagorekin
Iaz baino 600 pertsona gehiago aurrematrikulatu dira. Matrikula online egin ahal izango dute, Medikuntza graduan izan ezik. 19 gradutako gutxieneko nota 12tik gorakoa da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur, uztailak 18, abiatuko dute 2022-2023 ikasturterako EHUn matrikulatzeko epea. 19.085 pertsona aurrematrikulatu dira, iaz baino 600 gehiago.
Euskal Herriko Unibertsitatean izena emateko azken eguna datorren osteguna, uztailak 21, izango da. EHUk jakinarazi duenez, matrikula online egin ahal izango dute ikasleek, Medikuntza graduan izan ezik.
EHUn sartzeko gutxieneko notarik altuenak honako gradutan eskatzen dute: Fisika eta Ingenieritza Elektronikoa (13,351), Medikuntza (13,066), Biokimika eta Biologia Molekularra (12,980), Business and Economics (12,918), Medikuntza euskaraz (12,840), Fisika eta Odontologia (biak, 12,748), Bioteknologia (12,698) eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza gradu bikoitza (12,654).
19 gradutako gutxieneko nota 12tik gorakoa da, eta beste 43tan, 10etik gorakoa. Horrek esan nahi du gutxienez 1.500 ikasle sartuko direla 12tik gorako nota batekin, eta gutxienez beste 3.000, 10etik gorako notarekin. EHUren hitzetan, "gure graduen eskariak oso harrera ona dauka ikasleen artean".
Guztira, 8.425 plaza eskaini dituzte datorren ikasturterako EHUko 19 fakultateek eta eskolek, eta beste 230 plaza EHUra atxikituta dauden hiru zentroren bitartez: Gasteizko Erizaintza Unibertsitate-Eskola, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate-Eskola eta IMHKo Ingeniaritza Bikoitzeko Unibertsitate-Eskola.
EHUk 105 gradu eskaintzen ditu, horietatik 14 gradu bikoitzak dira, eta beste bi berri dira datorren ikasturterako: Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa; eta Ingeniaritza Mekanikoa + Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa.