Gizartea -
Polemika AEBetan
Artzain baptista batek homosexualak hil arte giltzaperatzeko eskatu du
Halaber, "haurren hiltzaile edo homosexualen maitale bati" inoiz ez liokeela botoa emango esan du, Barack Obama presidenteari erreferentzia eginda.
Erredakzioa
AEBetako artzain baptista batek egindako adierazpen homofoboek sekulako eztabaida eta egonezina sortu dute.
Charles Worley Ipar Carolinako eliza baptista bateko artzainaren adierazpenek piztu dute eztabaida; "homosexual guztiak hil arte hesi elektriko batez inguratzeko" eskatu du.
Joan den maiatzaren 13an, AEBetan amaren eguna ospatu zuten egunean, egin zituen adierazpen horiek, Ipar Carolinan. Hain zuzen, maiatzean, ezkontza homosexualak debekatu dituzte, erreferendum bidez, estatu horretan.
Elizan bildutako fededunen aurrean hauxe esan zuen Worleyk: "Hesi handi bat eraiki, sartu barruan homosexual guztiak, inor bertatik atera ez dadin hesia elektrifikatuta dagoela ziurtatu... eta urte batzuen buruan hil egingo dira, ez dira ugalduko".
Sare sozialetan sekulako oihartzuna izan dute adierazpen horiek eta hainbat elkartek protestak antolatu dituzte Maidengo elizaren atarian.
Halaber, "haurren hiltzaile edo homosexualen maitale baten" alde inoiz ez lukeela bozkatuko adierazi du artzainak, Barack Obama presidenteari erreferentzia eginez. AEBetako presidentea, hain zuzen, abortuaren eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldekoa da.