Gizartea -
Komunikazioan
Shigeru Miyamoto Mario Brosen sortzailea, Asturiasko Printzea sariduna
Nintendoko langile japoniarra The Legend of Zeldaren eta Donkey Kongen sortzaile eta Brain Trainingen eta Wii Fiten sustatzaile ere bada.
Erredakzioa
Shigeru Miyamoto japoniarrari, Mario Brosen, The Legend of Zeldaren eta Donkey Kongen sortzaile eta Brain Trainingen eta Wii Fiten sustatzaileari, Asturiasko Printzea saria eman diote Komunikazio eta Giza Zientzien alorrean.
Miyamotok 59 urte ditu eta 1977. urtetik Nintendon egiten du lan. Atzo jakinarazi zituzten finalisten artean boto gehien jaso duena izan da.
Beste bi hautagai finalistak Magnum argazki-agentzia eta Edgar Morin filosofo frantziarra ziren.
Epaimahaiak aktan azpimarratu duenez, Miyamotok "bideojoko didaktiko, hezitzaile eta eraikitzaileen iraultza egin zuen".
Gainera, "mundu mailan oso ezagunak diren pertsonaien eta jokoen diseinatzailea da. Bere lanaren ezaugarrietako bat indarkeria eza da eta berrikuntzak egin ditu bideojokoen bitartez garuna lantzeko eta hori oso baliagarria da hezkuntzaren ikuspuntutik".
"Miyamoto ez da bideojoko modernoen aita soilik, bere imajinazioari esker amets birtualak sortu ditu eta adin orotako milioika pertsona harremanetan jarri, muga ideologiko, etniko eta geografikoen gainetik", epaimahaiaren arabera.