Gizartea -
Euskadi
Saltokiei eta enpresei zuzendutako telefono bidezko iruzur-kanpaina baten berri eman dute
Nahi ez diren deiak eta testu-mezuak blokeatzea gomendatu du Ertzaintzak. Gainera, gogoratu du inoiz ez dela informazio pertsonalik edo finantzariorik eman behar halako kasuetan.
Agentziak | EITB MEDIA
Telefono bidezko iruzur mota berri bat antzeman du Ertzaintzak, batez ere enpresei eta saltokiei zuzenduta dagoena. Azaldu duenez, iruzurgileak dendako saltzaile-arduradunarekin harremanetan jartzen dira, logistika-enpresa bateko hornitzaile edo banatzaile baten itxurak eginez. Ondoren, sinetsarazten diote zerbitzu batengatik ordaintzeke duela faktura bat, eta, hori gauzatu ezean, zigor larria eragingo diola bere negozioari. Horretarako, ordainketa banku-transferentzia bidez, Bitcoin kutxazainen bidez edo ordainketa-txartelen bidez egiteko eskatzen diote biktimari.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, metodo hori Ertzaintzak 2020an detektatu eta ikertutakoaren oso antzekoa da. Izan ere, mota horretako 30 iruzur ingururen berri izan zuten, eta iruzurgileek 1.000 eta 3.000 euro arteko ordainketa egin behar zuela konbentzitzen zuten biktima.
Ertzaintzak hautemandako kasuetan, konexioa egiteko erabiltzen diren telefonoek atzerriko aurrezenbakia dute, edo iruzurrez alta emandako abonatuei dagozkie.
Iruzur mota horren aurrean, nahi ez diren deiak eta testu-mezuak blokeatzea gomendatu du Ertzaintzak, eta, gainera, halako kasuetan inoiz ez dela datu pertsonalik zein finantzariorik eman behar gogoratu du. Aitzitik, paketeria-enpresaren telefono ofizialera deitu beharko litzateke komunikazioa benetakoa den edo iruzur saiakera bat den baieztatzeko.
Ildo horretan, zehaztu du paketeria-enpresa batek ere ez duela presiorik egingo berehala jarduteko. Ohikoak ez diren ordainketa-metodoak ez egiteaz gain, susmorik txikiena izanez gero, konfiantzazko norbaitekin hausnartzea eta hitz egitea gomendatzen du Ertzaintzak.
Horrelako engainuen biktima izan direla konturatuz gero, komenigarria da salaketa jartzea. Ondorengo ikerketa errazteko, Ertzaintzak gertatutakoari buruzko ahalik eta informazio gehien ematea gomendatzen du; beraz, aholkatu dute ez ezabatzea webguneari, ordainketa egin den plataformari edo saltzaileekin izandako harremanei eta elkarrizketei buruzko daturik.