Gizartea -

Osasun Publikoa

Eusko Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege proiektua onartu du

Lege proiektuaren helburua da euskal gizartearen osasun-arloko premia eta eskari berriei erantzun eraginkorra eta integrala emateko lege-esparru batez hornitzea.

Basurtuko ospitaleko ZIUa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Basurtuko ospitaleko ZIUa, artxiboko irudian
Basurtuko ospitaleko ZIUa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege proiektua onartu du astearte honetan, gobernu-bileran. Lege proiektuaren helburua da euskal gizartearen osasun-arloko premia eta eskari berriei erantzun eraginkorra eta integrala emateko lege-esparru batez hornitzea.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak prentsa-ohar bidez adierazi duenez, Lege proiektuaren jomuga nagusia da "euskal herritarren osasuna interes goreneko ondasun publiko gisa babestea eta sustatzea, eta pertsonek osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloetan dituzten eskubideak bermatzea".

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren legegintza-egutegian bere gain hartutako konpromisoa beteko da. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorriko du aurreproiektua, eztabaidatu dadin, eta, hala badagokio, Euskadin osasun publikoa espezifikoki arautuko duen lehen legea izango litzatekeena onar dadin.

"25 urte hauetan", dio iturriak, "osasun publikoaren kontzeptuak berak bilakaera izan du, eta osasun-sistematik osasunaren determinatzaileetan eragina duten gainerako esparruetara hedatu da. Ildo horretan, covid-a19aren pandemiak guztiz agerian jarri du dimentsio berri hori".

Osasuna, politika guztietan

Lege-proposamenak Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren zutabeetako bat den osasuna politika guztietan printzipioan sakontzen du, "osasunaren determinatzaileetan eraginkortasun handiagoarekin jarduteko", eta argi eta garbi zehazten ditu "esparru horretako eskumenak, prestazioak eta zerbitzuak". 

Horren ondorioz, dio oharrak, "Euskadiko Osasun Publikoko Sistema sare egituratua izango da, osasun-sistemarekin eta administrazio publikoekin koordinatua, eta koordinatzeko eta parte hartzeko bi organo izango ditu; alde batetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua egongo da, eta honako hauek dira osatuko dute: Unibertsitateak, Emakundek, GKEek, kontsumitzaileek, Osakidetzak, komunikabideek, Gazteriaren Kontseiluak, pentsiodunek eta erretiratuek, auzo-elkarteek eta gizarte zibilaren gainerakoak; bestetik, Osasun Publikoaren Erakunde arteko Batzordea ere  izango da. Hori osasunean eragina duten Eusko Jaurlaritzako Sailen, Udalen eta Foru Aldundien artean koordinatzeko foroa izango da".

Proposatutako testuak Euskadiko Osasun Publikoko Sistemaren funtzio eta jarduketa nagusiak zehazten ditu; laburbilduz, honako hauek dira: herritarren osasunaren eta ongizatearen zaintza (horretarako, Osasun Publikoaren Zaintza Sarea izango da funtsezko tresna); osasun-arazoen prebentzioa, eta halaber, espezifikoki, adikzioen eta mendekotasunen prebentzioa; osasunaren sustapena, gizarte-determinatzaileetara zein jokabide osasungarri indibidualetara bideratua; osasunaren babesa, elikadura-segurtasuna eta ingurumen-osasuna barnean hartuta; osasun-larrialdietan jardutea; eskola-osasuna; lan-osasuna; Euskadiko osasun publikoko laborategia; osasun publikoaren arloko informazioa eta ezagutzaren hedapena; prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza, eta osasun-agintaritza baliatzea, kontrola eta zehapenak barnean hartuta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea