Gizartea -

Abuztuaren 13tik 20ra

Donostiako Aste Nagusia 400 ekitaldi ingururekin itzuliko da, bi urteko etenaldiaren ondotik

Kanoikadaren danbatekoak Aste Nagusiaren hasiera iragarriko du berriro abuztuaren 13an. Ondoren festa zortzi egunez luzatuko da, abuztuaren 20ra arte.

Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala
Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala
Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanoikadaren harrabotsak Aste Nagusiaren hasiera iragarriko du berriz abuztuaren 13an. Pandemiaren ondorioz izandako bi urteko etenaldiaren ostean, jaiak egitarau zabalarekin itzuliko dira; izan ere, 400 jarduera inguru hartuko dituzte hiriko txoko ezberdinek.

2022ko Aste Nagusiak denentzako "entretenimendua eta dibertsioa" ekarriko ditu, Udalak, Donostia Festaken bidez, proposamen ugari egingo baititu, "bakoitzak gustukoena aukeratu dezan", adierazi du Jon Insausti Kultura zinegotziak, egitarauaren aurkezpenean.

Alderdi Eder lorategien aurrean, kanoikadarekin, festa hasiko da Gipuzkoako hiriburuan. Ondoren jaia zortzi egunez luzatuko da, abuztuaren 20ra arte. Kaleak eta auzoak jolas-jarduerekin beteko dira, erraldoiak eta buruhandiak, zezensuzkoak, Kontxako ikuskizun piroteknikoak, musika kontzertuak, kirolak eta lehiaketa gastronomikoak, esaterako.

"Bi urteko etenaldiaren ondoren, hiriak Aste Nagusiko mamia berreskuratuko du", eta festak "bete-betean" ospatuko ditu, azpimarratu du zinegotziak. Jaiak "errespetu eta bizikidetza giroan" aurrera eramatea espero du Insaustik, eta sexu-erasorik gabe.

Ekitaldi jendetsuenak Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa eta Sagueseko kontzertuak izango dira. Suzko erroberen txapelketak 57. edizioa izango du aurten, eta zortzi pirotekniak parte hartuko dute, horietako bat ukrainarra. Bestalde, Izarok gaueko kontzertuei hasiera emango die Saguesen. Ondoren, Ariel Rot eta Kiko Veneno; Zetak, La M.O.D.A., MITIC ikuskizuna, Ana Guerra, Green Valley eta Gatibuk osatuko dute eskaintza.

Azkenik, bost lehiaketa gastronomikok jendea erakarriko dute aurten. Udalak milioi bat euro inbertitu ditu festetan, eta ia 2.200 pertsonak lan egingo dute antolaketan, era batera edo bestera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak