Gizartea -

Adopzioaren legea

Eusko Jaurlaritzak adopzio-gurasoen adin mugak kendu nahi ditu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gaur adierazi duenez, baldintza hori “baztertzailea” delako ezabatu nahi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak haurren adopzioan hartzen diren irizpideak aldatu nahi ditu, eta adopzio-gurasoen eta haurraren artean 44 urte baino gutxiagoko aldea egon beharra deuseztatu.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gaur adierazi duenez, baldintza hori “baztertzailea” delako ezabatu nahi dute; izan ere, esate baterako, 45 urte baino gehiago dituen pertsona batek jaioberri bat adoptatzea galarazten du.

Arartekoak erabakia bermatzen duela nabarmendu du, hark ere irizpide hori kentzea gomendatu baitu.

Europar Batasunean adopzioak arautzeko hitzarmenak ere (2011ko irailetik dago indarrean) adin aldea baztertzea jasotzen du.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aburuz, pertsona batek guraso izateko gaitasunik duen zehazteko “faktore ugari hartu behar dira kontuan, adinarena irizpidea horietako bat izan behar da, baina hori ez da izan behar aurretik baztertzeko elementu bat”. Hori dela eta, teknikariak izango dira adoptatzeko egokitasunaz erabakiko dutenak, eskatzaileak ume batentzat egokiak diren edo ez erabakiko dutenak, horretarako adina ere kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea