Gizartea -
Suteak
1.300 lagunek jarraitzen dute etxetik kanpo Zaragozan, Añon de Moncayon piztutako baso-sute batengatik
Sutea, larunbat goizaldean, Nafarroatik kilometro eta erdira geratu da. Galizian, Ourensen, 2.100 hektarea kiskali dituen sute batek aktibo jarraitzen du.
EITB MEDIA
Zaragozako zortzi herritako 1.300 lagunek jarraitzen dute etxetik kanpo Añon de Moncayon piztutako baso-sute batengatik, Nafarroatik oso gertu. Espainiar Estatuan, sute horretaz gain, beste batzuk ere daude aktibo, igande honetan; besteak beste, Galizian, Ourensen hain zuzen, dagoeneko 2.100 hektarea kiskali dituen sute batek ere kezka sortzen jarraitzen du.
Testuinguru honetan, Aragoin, larunbatean Añon de Moncayon piztutako baso-sutearen eraginez, 1.300 bat lagunek jarraitzen dute ebakuatuta. Etxetik atera dituzten lagunak zortzi herritan bizi dira: Añonen, Alcala de Moncayon, Vera de Moncayon, El Busten, Bulbuenten, Ambelen, Trasmozen eta Talamantesen (azken herri horretako bizilagunak goizean zehar atera dituzte etxetik). Borjako Errukiaren Santutegia, Vera de Moncayoko kanpina eta Añongo urbanizazio bat ere hustu dituzte.
Bizilagunei Tarazonan, Borjan eta, Trasmozekoei, Sorian dagoen Agredako aterpean eman diete ostatu.
Sutearen eraginez, horrez gain, matxura elektrikoa izan da, eta argindarrik gabe izan dira herri hauetan: Lituenigon, Litagon, Añon de Moncayon, Talamantesen, Vera de Moncayon, Trasmozen, San Martin de Moncayon, Borjako zati batean eta El Busten. Hala eman du jakitera Aragoiko Gobernuak.
Garrak Nafarroatik oso gertu izan dira, hain zuzen ere Foru Erkidegotik kilometro eta erdira; azkenean, baina, haizearen norabidez aldatu egin da, eta sua ez da Euskal Herrian sartu.
Sutea larunbat arratsaldean piztu zen, 15:00ak aldera, ikertzen ari dira zergatik. Suaren eraginez, N-122 errepidea itxi behar izan dute 64. kilometrotik 75. kilometrora, baita Z-372 eta Z-373 errepideak ere. Larunbatetik iganderako gauean, 200 bat behargin izan dira lanean, itzali nahian. Igande arratsaldeko lehen orduan, 50 kilometrotik gorako behin-behineko perimetroa du, eta "milaka hektarea" ari da kiskaltzen, hiru fokurekin. 300 bat pertsona daude lanean.
Kaltetutako lagunek "tentsio handiko gaua" bizi izan dute, kontuan izanik sua "gertu" izan dutela, Borjako alkate Eduardo Arillak azaldu duenez. Igandean, egoera larunbatekoa baino lasaiagoa da, baina oraindik ere arriskua dago; izan ere, unerik zailena 19:00ak aldera iritsiko da, "airea berriro mugituko denean", adierazi du Arillak.
Galizian, Ourensen, aktibo jarraitzen du sute handi batek; hain zuzen ere, Lazako suteak eta Chandrexa de Queixakoak bat egin zuten, eta 2.100 hektarea kiskali ditu orain arte, behin-behineko neurketen arabera.
Nolanahi ere, larunbateko azken orduan, sutea "ia guztiz zuen perimetroa jarrita", eta bilakaera egokia zen, azkenean egonkortu arte, Galiziako Gobernuak zehaztu duenez.
Galizian, igande goizean, guztira, sei sute zeuden aktibo, egonkortuta edo kontrolpean.
Murtzian, La Patoja parajean, Jumillan, beste baso-sute bat zegoen larunbatean, baina azken orduan egonkortuta zegoen, 400 bat hektarea kiskalita. Horietako 180 Murtzian daude, eta gainerakoa, 220 bat hektarea, Gaztela-Mantxan.
Valentzian, Alacanten, larunbatean Vall d'Ebo udalerrian piztutako baso-sute batek 1.500 hektareari eragiten die, Alacanteko Suhiltzaileen Partzuergoaren iturriek jakitera eman dutenez.
Sutea 22:00ak aldera hasi zen. Jose Maria Angel Segurtasun eta Larrialdi autonomia-idazkariak esan duenez, hainbat arrazoirengatik ezin izan zuten hasiera horri geldiarazi: tartean, bertan zebilen haize zakarragatik (50 km/h-tik gorakoa zen), tenperatura altuengatik, eta zailtasun orografikoengatik, kontuan izanik hainbat sakan eta alde daudela.