Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

"Araudi berriak erraztu egiten die migratzaileei lan-merkatuak behar handiagoak dituen arloetan trebatzea"

Patricia Barcenak, Herriaren Defendatzailearen bigarren laguntzailea bera, zehaztu du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Atzerritarren Legearen araudiko aldaketak laguntza ematen diela gaitutako migratzaileei beraiek duten prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetarako sarbidea izan dezaten.

Patricia Barcena Herriaren Defendatzailearen laguntzailea. Argazkia: Twitter (@BarcenaPatricia).
Patricia Barcena Herriaren Defendatzailearen bigarren laguntzailea.
Patricia Barcena Herriaren Defendatzailearen laguntzailea. Argazkia: Twitter (@BarcenaPatricia).

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan indarrean sartu den Atzerritarren Legearen araudi berriak "erraztu egiten die migratzaileei lan-merkatuak behar handiagoak dituen arloetan trebatzea", eta, horrez gain, "laguntza ematen die gaitutako migratzaileei beraiek duten prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetarako sarbidea izan dezaten". Hala azaldu du astearte honetan, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izandako elkarrizketa batean, Patricia Barcena Herriaren Defendatzailearen bigarren laguntzaileak.

Ildo horretan, Barcenak azaldu du araudi berria "aurrerapena" dela, Herriaren Defendatzaileak esku artean aspaldi duen egoera baten testuinguruan, alegia, lan-merkatuaren eskariak eta migrazioak lotura handiagoa behar zutela: "2019an, migrazioak Espainiako ekonomiari nolako ekarpena egiten zion aztertzen hasi zen", adierazi du, eta azaldu ere azaldu du beharra zegoela "doitzeko" migratzaile askoren egoera, ezin baitzuten lan-merkaturako sarbiderik izan administrazioarekin zerikusia zuten hainbat arrazoirengatik.

"Aldaketarekin, prestakuntza-sustraitzearekin, migratzaileak lan-merkatuak behar handiagoa duen arloetan trebatuko dira", azpimarratu du Barcenak. Gogora ekarri duenez, 2020an, pandemiaren hasieran, espainiar Estatura iritsitako zenbait migratzailek eskaini zuten euren burua Osasun arloan lan egiteko, eta ezin izan zuten: "Egia da Espainian bi urte eman izatea eskatzen dela", onartu du, aldaketak erraztasunak ematen dituela berretsi aurretik.

Halaber, esan du araudi berriak espainiar Estatuan dagoeneko dauden pertsonen erregularizazioa izaten duela kontuan; Herriaren Defendatzailea arduratzen da arauak betetzeaz kasu guztietan, "lanarekin lotutako migratzaileekin ez ezik, beste edozein arrazoirengatik iritsitako migratzaileekin ere".

Elizan izandako abusuak eta Melillako hesia

Gainera, Herriaren Defendatzailearen laguntzaileak beste bi kontu izan ditu hizpide, alegia, Elizan izandako abusu-kasuak eta ekainaren amaieran Melillako hesian izandako hildakoak. Zehaztu duenez, Herriaren Defendatzailea datuak bereganatzen eta ikerketak burutzen dabil, azken ondorioen berri eman baino lehen.

Abusuen kasuen gainean, Barcenak gogora ekarri du Herriaren Defendatzailearen zeregina ez dela "salaketak bideratzea", hori Fiskaltzak egin behar baitu, baizik eta "entzuteko eta hausnartzeko gunea" bultzatzea.

Melillako hesiari dagokionez, Barcenak, duela aste batzuk, Angel Gabilondo Herriaren Defendatzailearen Bulegoko zuzendaria lagundu zuen bertara, eta hainbat elkarrizketa izan zituzten, zenbait erakunderekin, prestatzen ari diren txostenerako interesgarriak diren datuak baieztatze aldera.

Azkenik, Barcenak ez du iritzirik eman, Herriaren Defendatzaileko kide gisa, Europar Batasunaren erabaki jakin baten gainean, alegia, EBko mugak zaintzeko Turkiari edo Marokori dirua emateko erabakiaren gainean; haren iritziz, "Europar Batasunak egin ohi duen politikaren testuinguruan" kokatzen da hori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irrati programazioa