Gizartea -
Iruñea
Txantreako urbanizazio bateko obretan izandako sutea nahita egin dutelakoan ari dira ikertzen
Txantrea Sur urbanizazioko bigarren faseko enpresa esleipendunak bertan zituen bilketa-materialetan kalteak izan dira. Sua hiru puntutan hasi denez, nahita piztu dutelakoan daude.
EITB MEDIA
Txantrea auzoan, Iruñean, sutea izan da larunbatetik iganderako gauean, eta kalteak eragin ditu Txantrea Sur urbanizazioko bigarren faseko enpresa esleipendunak bertan zituen bilketa-materialetan. Nahita piztu dutelakoan daude, kontuan izanik sua hiru puntutan piztu dela.
Hala dio Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik adostutako adierazpen batek. Testuan zehaztuta dagoenez, suteak hainbat kalte material eragin ditu, eta obretako garapenari ere eragingo dio.
Iruñeko Udaltzaina ari da ikertzen. Suhiltzaileek ondorioztatu dutenez, sua hiru puntutan piztu da. Beraz, litekeena da nahita piztuta izatea, adierazpenaren arabera.
Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik "nahita piztutako sutea" gaitzetsi dute, eta esker ona agertu diete suhiltzaileei, kalte handiagoak izatea saihestu dutelako. Halaber, Udaltzaingoari eskerrak eman dizkiote, eta babesa agertu diote, "sutea nork piztu duen argitze aldera egiten ari den lanagatik".