Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

34 urteko espetxe-zigorra eskatu dute bikotekide ohia hiltzea egotzita

Fiskaltzak 34 urteko espetxe-zigorra eskatuko du 2010ean Barakaldon bikotekide ohia hil eta honen mutil-lagun berria zauritu zituen gizonezkoarentzat. Epaiketa asteartean hasiko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010ean Barakaldon bikotekide ohia hil eta honen mutil-lagun berria zauritu zituen gizonezkoa epaitzeko saioa hartuko du datorren asteartetik aurrera Bizkaiko Lurralde-Auzitegiak. Horren harira, Fiskaltzak 34 urteko eta 8 hilabeteko espetxe-zigorra eskatuko du.

Akusatuak amodiozko harreman bat izan zuen biktimarekin 2006 eta 2010 urte bitartean. Urte honetan Barakaldoko Instrukziozko 2. Auzitegiak urruntze agindu bat ezarri zion akusatuari. Gauzak horrela, 2010eko abenduaren 6an neska-lagunaren etxebizitzan sartu eta bikotekideari eta honen mutil-lagun berriari eraso egin zien.

Mutil-lagun berriari 32 zentimetroko sukaldeko aizto bat sartu zion lepoan, larri zaurituta utziz eta bikotekide ohiari sorbaldan sartu zion birritan ganibeta. Zauri horietako baten ondorioz, gaztea hil egin zen.

Ondorioz, Fiskalak 34 urteko espetxe-zigorra eskatuko du: urtebete eta 8 hilabeteko zigorra etxean indarrez sartzeagatik, beste 12 urte mutil-lagun berria hiltzen saiatzeagatik eta beste 20 urte bikotekide ohia hiltzeagatik. Gainera, biktimaren aitari 97.000 euroko kalteordainak ordaintzea eskatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea