Gizartea -

Osasun publikoa

Espainiako Gobernuak osasun-alerten sareen sarea izango den Osasun Publikoaren Agentzia sortzea onartu du

Zentro berriak Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala ordezkatuko du, eta transmititu ahal diren zein transmititu ezin diren gaixotasunak jorratuko ditu, hala nola minbizia, diabetesa, gaixotasun kronikoak edo gizarte-determinatzaileak. Ez dute esan nork zuzenduko duen ezta non kokatuko den ere.

Carolina Darias, Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Carolina Darias, Osasun ministroa. EFE
Carolina Darias, Osasun ministroa. Argazkia: EFE

O. P. | M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak Osasun Publikoaren Estatuko Agentzia (AESAP) sortzeko lege-aurreproiektua onartu du. "Espero izandako eta eskatutako" zentroa da, batez ere covid-19aren pandemiaren ondorioz, eta "beharrezko erantzuna emango du osasun publikoaren arloko egungo eta etorkizuneko erronken aurrean".

Carolina Darias Osasun ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, AESAPek Osasun Publikoaren Zaintzarako Estatuko Sarea bultzatuko du, eta sare horrek Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala (RENAVE) ordezkatuko du. "Haratago joango da, eta Osasun Publikoa Zaintzeko Estatuko Sarea eratuko du. Sare horrek gaixotasun kutsakorrak baina baita transmititu ezin direnak ere jorratuko ditu, hala nola minbizia, diabetesa, gaixotasun kronikoak edo gizarte-determinatzaileak", azaldu du.

Ministroaren arabera, agentzia horren sorrerari esker, Espainian osasun publikoan aritzen diren "profesional gehiago" izango dira, eta "bikaintasun tekniko eta zientifikoa" izango dituzte, autonomia erkidegoekin "sare lana" eginez.

Dariasek gogorarazi duenez, 2011n onartutako Osasun Publikoaren Lege Orokorrak agentzia horren sorrera jasotzen zuen, baina eskumen "oso mugatuekin". Beraz, "Osasun publikoko profesionalek eta herritarrek" eskatutako neurria da.

AESAPen sorrera, Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan 2022an 9,45 milioi euroko zuzkidurarekin, 2021eko irailean sartu zen kontsulta publikoan.

Ordutik, Gobernuak ez zuen datarik jarri behin betiko martxan noiz jarriko zen zehazteko. Nork zuzenduko duen eta non kokatuko den ere ez dute esan. Horren harira, Dariasek ukatu egin du Gobernuak agentzia hori non ezarriko den erabakita duela: "Estatutuek esango dute zein erakundek osatuko duten agentzia. Gobernuak prozedura bat ezarri du, gardentasunez, egoitza zehazteko. Hori aurrerago etorriko da".

Era berean, AESAP izapidetzeko prozesuaren "hasieran" dagoela zehaztu du. "Bigarren itzulia falta da, eta ahaleginak egingo ditugu urtea amaitu baino lehen egon dadin, eta, ondoren, Gorte Nagusietara eraman, Parlamentuko tramiteak egiteko", azpimarratu du.

Osasun Publikoaren eta Administrazio Sanitarioaren Espainiako Sozietateak (SESPAS), besteak beste, zentroa Madrilen ez egotea eskatu du, Estatuz gaindiko beste erakunde batzuen adibideari jarraituz, hala nola Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroa.

"Egokia da metropoliaren zentraltasunetik aldentzea, dentsitate demografiko handiko eremuak arindu eta lurralde osoko banaketa sozial eta ekonomikoa erraztu nahi duten etorkizuneko lurralde-politiken ildotik", defendatu zuen SESPASek zentroa sortzeko kontsulta publikoan aurkeztu zuen txostenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasun larrialdia