Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Juan Maria Aburto: "Bilbok ibilbidea du" aurretik, turismoan hazteko
"Gure apustua da turismo jasangarria eta kalitatezkoa izatea", esan du Bilboko alkateak. Aste Nagusiari dagokionez, asteartetik asteazkenerako gauean, sei aldiz aktibatu da ziztaden aurkako protokoloa, eta bi salaketa aurkeztu dituzte.
EITB MEDIA
Bilbok "ibilbidea du" oraindik aurretik turismoan hazteko, Juan Maria Aburto alkateak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketan esan duenez: "Gure apustua da turismo jasangarria eta kalitatezkoa izatea", zehaztu du. Halaber, jakitera eman du asteartetik asteazkenerako gauean, Aste Nagusian, sei aldiz aktibatu dela ziztaden aurkako protokoloa, eta bi salaketa aurkeztu dituztela.
Aburtoren esanetan, Bilbok gastronomia eta kultura eskaintzen ditu, eta horrek esan nahi du kalitatezko turismoaren aldeko apustua sendoa dela: "Duela 30 urte", azaldu du, "inor ez zetorren Bilbora oporretan; gaur egun, aldiz, turismoa da Bilboko Barne Produktu Gordinaren % 6,5", nabarmendu du, "eta horren atzean garapen ekonomikoa eta enplegua daude".
Bilboko alkateak dio Udalaren "diagnostikoa" ez dela bilbotarrek ustea turismoa gehiegizkoa denik gaur egun: "Oraingoz, ibilbidea dugu. Gure lehen begirada barrukoa da; gero, nazioartekoa", azpimarratu du, "atzerriko turistak erakarri nahi ditugu".
Tasa turistikoaren gainean, Juan Maria Aburtok berretsi du Bilbo ez dagoela beste hiri batzuk, Donostia kasu, dauden egoeran: "Ez nintzateke izango erregulazioaren kontra", adierazi du bizkaitar hiriburuko alkateak, "inposatu gabe", alegia, hiri bakoitzak aukera izan dezan erabakitzeko.
"Helburua da bilbotarron beharrei erantzuna ematea", azaldu du elkarrizketatuak, "auzoetan zerbitzu publikoak bermatzea, garapen ekonomikoa eta gizarte-kohesioa". Garapen ekonomiko hori ziurtatzeko, turismoaren inpaktua garrantzitsua da, haren esanetan; kirol- eta kultura-ekitaldiek, ildo horretan, pisu handia dute Bilborako, eta testuinguru horretan kokatu du alkateak Espainiako Vueltako asteazkeneko etapa Bilbora iristea eta ostegunekoa bertatik irtetea, bai eta 2023ko Frantziako Tourra bizkaitar hiriburutik abiatzea: "Espainiako Vueltan, 200.000 euro inbertitu ditugu, eta 1.000.000 jaso. Eta Tourra, beste maila bateko ekitaldia da; egunero, karabana izenekoan, 5.000 bat pertsona joaten dira", azaldu du.
16 atxilotu eta ziztada kasuak azken gauean
Aste Nagusiari dagokionez, asteartetik asteazkenerako gauean gutxienez 16 lagun atxilotu dituzte, sei aldiz aktibatu dute ziztaden aurkako protokoloa eta bi salaketa jarri dituzte ziztadengatik, aurreratu du Juan Maria Aburtok. Alkateak, baina, nabarmendu du "izugarrizko jendetza" dagoela kaleetan, "eta jendearen dibertsioa, giroa. Balantzea beti da ona", adierazi du.
"Horrek ez du esan nahi gauzak ez direnik gertatzen", onartu du. Hala, "Udaltzaingoaren efikazia gero eta handiagoa bada ere", egunero-egunero izaten dira lapurretak eta beste delitu batzuk. Aburtok nabarmendu du azken gaueko 16 atxilotuen artean sei berreorleak direla: "Zigorrak behar ditugu", nabarmendu du, "behar dugu epaiketak arinagoak izatea, eta ondorio juridikoak egotea". Herritarrek, haren iritziz, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia nabaritzen dute, eta horrek segurtasuna ematen die.
Egoera ekonomikoa
Bestalde, Bilboko alkateak uste du "ziurtasunik eza" dagoela arlo ekonomikoan, kontuan izanik inflazioa oso handia dela eta balitekeela energia aurrezteko neurriak indarrean sartzea, Espainiako Gobernuaren dekretua onartzen badute. Bilbok "ez du zorrik", esan du, "eta horrek aukera ematen digu inbertsioak egin eta zerbitzu publikoak bermatzeko". Espainiako Gobernuaren dekretuaren aurretik, Bilboko Udalak neurriak hartu zituen, zehaztu du.
"Diru-bilketa ondo doa", adierazi du, aurrekontuaz galdetuta, "eta ikusi beharko ditugu, jarraian, lehentasunak zeintzuk diren". Juan Maria Aburtok uste du Bilbok duen ekonomia-egoera ona dela, "eta aurrekontu ona egiteko aukera izango dugu". Hori bai, ez du argitu aurten aurrekontu hori igoko den, azken sei urteotan egin duenez.
Abiadura Handiko Trenaren gainean, Aburtok gogora ekarri du Espainiako Gobernuak urtea amaitu aurretik aurkeztuko duela ikerketa informatiboa, eta hortik aurrera "esleitzea" izango dela hurrengo pausoa. Egitasmo horren eta beste hainbaten bilakaeran berak Bilboko alkate gisa jarraituko duen ez du argitu, baina: "Hori alderdiak erabakiko du", adierazi du, "uste dugu gure plana legealdia amaitu aurretik beteko dugula", eta hori da horien asmoa, nabarmendu duenez.