Gizartea -
Nafarroa
Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Tuteran, etxebizitza batean piztutako sute batean kea arnastuta
Zaragoza etorbideko 10. zenbakiko 10. solairuan piztu da sutea. Ondoko auzokideak euren etxeetatik irtenarazi behar izan dituzte. Bi ordu geroago itzali dute sutea.
AGENTZIAK | REDACCIÓN
Hiru pertsona intoxikatu dira larunbat gau honetan Tuterako etxebizitza batean izandako sutean. Sugarrek kalte handiak eragin dituzte etxebizitza horretan, eta eraikin horretako beste hainbat auzokide euren etxeetatik irtenarazi behar izan dituzte.
Tuterako Udaltzaingoak azaldu duenez, 03:31ean larrialdi zerbitzuen telefonoan deia jaso dute, Zaragoza etorbideko 10. zenbakiko 10. solairuan sute bat piztu zela abisatzeko. Orduan ondoko auzokideak euren etxeetatik irtenarazten hasi dira.
Suteak etxebizitzaren logeletako bat erre du, altzairuak barne, eta ke handia eragin du. Horren ondorioz, etxean bizi diren hiru pertsona (50 urteko gizonezko bi eta emakumezko bat) intoxikatu dira, kea arnastuta. Bi gizon Tuterako Ospitalera eraman dituzte; emakumea, berriz, bertan artatu dute.
Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazi duenez, Tuterako eta Peraltako suhiltzaileek parte hartu dute. 05:40ak aldera sutea itzali dute, eta aireztatze lanekin jarraitu 06:12ak arte. Orduan ebakuatutako pertsonak euren etxeetara itzuli dira. Tuterako Udaltzaingoak ikerketa abiatu du sutearen nondik norakoak argitzeko.