Gizartea -

Eustaten datu estatistikoak

EAEn 2.174.033 lagun bizi dira, sekula izandako kopururik altuena

Biztanleen ia % 20k 65 urte baino gehiago ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 2.174.033 biztanle zituen 2011ko urtarrilaren 1ean, Eustatek bildutako datuen arabera. Erkidegoak sekula izandako kopururik altuena da, aurreko urtean baino 4.995 biztanle gehiago zenbatuta.

Gipuzkoan (2.583 pertsona gehiago) eta Araban (1.714 biztanle gehiago) izan ziren hazkunde handienak, Bizkaian askoz ere gutxiago hazi baitzen kopuru hori (698 biztanle gehiago). Alde horren arrazoia hau da: biztanle gehien galdu zituzten sei udalerriak Bizkaian daude. Bilbon, esate baterako, 1.331 biztanle gutxiago zenbatu zituzten, eta Getxon, berriz, 436 gutxiago.

Hala eta guztiz ere, Bizkaiko lurralde-saldoa positiboa da, beste hainbat udalerrik biztanleen kopurua handitu baitute, esate baterako, Barakaldok eta Etxebarrik, 552 eta 474 biztanle gehiagorekin, hurrenez hurren.

Arabako biztanleriak izandako hazkundea, hein handi batean, hiriburuan izandako bilakaerak eragin du. Horrela, Gasteizen 978 biztanle gehiago zenbatu zituzten, eta, distantzia handi batera bada ere, Dulantzi (108 biztanle gehiago) eta Laudio (100 pertsona gehiago) ere hazi ziren.

Gipuzkoaren kasua ezberdina da, Donostian biztanleen kopuruak behera egin baitzuen; hain zuzen ere, 68 biztanle gutxiago zenbatu zituzten. Beste udalerri batzuek izandako hazkundeak eragin zuen Gipuzkoak izandako gorakada: horien artean Errenteria nabarmendu daiteke, 439 biztanle gehiago zenbatu baitzituzten bertan.

65 urtetik gorakoak

65 urtetik gorako herritarrei dagokienez, Euskadin (herritar guztien % 19,5 adin horretatik gorakoa da) Estatuko gainerako erkidegoetan baino bi puntu gorago dago proportzio hori, eta Europako gainerako estatuen datuekin alderatuz gero, Alemaniak edo Italiak bakarrik dituzte datu altuagoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea