Gizartea -
Udako denboraldia
Donostiako hondartzetako toldoak zozkatuko dituzte
Zozketak hiru urterako balioko du, eta aurreko sistema aldatuko du; lehen kuota bat ordaindu besterik ez zen egin behar automatikoki berriztatzeko.
Erredakzioa
Donostiako hiru hondartzetan jartzen diren 1.521 toldo, eguzkitako eta karpak erabiltzeko eskubidea zozketa bidez emango dute aurten lehenengoz, eta donostiar guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Hori da aurtengo berritasun nagusia datorren ostiralean hasi eta irailaren 30a arte iraungo duen denboraldiari begira.
Donostiako Udalak gaur adierazi duenez, 5.555 erabiltzailek hartuko dute parte eguzkitako horien zozketan. Zozketa ostiralean, ekainaren 1ean, bertan egingo dute Atano III.a frontoian, baina hilaren 15era arte ezin izango dira erabili.
Udal gobernuan dagoen taldeak (Bildu) esan duenez, zozketak 3 urterako balioko du, eta aurreko sistema aldatuko du. Lehen kuota bat ordaindu besterik ez zen egin behar eguzkitakoak erabiltzeko eskubidea automatikoki berriztatzeko, eta hainbat kasutan batzuek hamarkada askotan luzatu dute eskuratutako eskubide hori.
Ondarretan jartzen dituzte eguzkitako gehien; 820. Kontxan 440 jartzen dituzte, eta Zurriolan, berriz, 261.