Gizartea -
Baso sutea
Sute batek 30 hektarea landaretza kiskali ditu Nafarroa Beherean
Sua astelehenean piztu zen, 13:00etan, Banka udalerrian, Aldudetan, eta astearte goizean kontrolatu dute. Lau fronteetako batek aktibo jarraitzen du Baigorrirantz, baina kontrolpean dago. Sua ez da etxebizitzetara iritsi eta ez da inor zauritu.
EITB Media
Banka herrian, Aldudetan, piztutako sute batek hogeita hamar hektarea landaretza erre ditu
Sud Ouest-ek berri eman duenez, asteleheneko 13:00etan piztu zen sua, istripuz, eta berrogeita hamar bat suhiltzaile aritu dira lanean atzoko egun osoan eta gauean zehar. .
Gaur goizerako, sutearen lau fronteetatik hiru itzalita daude jada, eta suhiltzaileak (19 kideko taldea jada) laugarren frontea itzaltzeko lanean ari dira; Baigorrirako noranzkoan zabaldu da fronte hori, baina kontrolpean dute.
Sarbide zaileko eremu malkartsua da, suhiltzaileen lana eta kamioien sarbidea oztopatzen duena, baina jende gutxi bizi den eremua da, eta, beraz, suak ez du etxebizitzarik kaltetu, eta ez da inor zauritu.