Gizartea -
EAE
Jaurlaritzak 14 urtera arteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza berriak sustatuko ditu
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, "kontziliazio erantzunkiderako laguntza-neurria da, eta zaintzen erantzukizuna funtsean emakumeek izatea saihesten du".
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 14 urtera arteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza berriak sustatzea onartu du asteazken honetan. Hori, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, "kontziliazio erantzunkiderako laguntza-neurria da, betebehar eta beharrizan pertsonalei erantzuteko orduan bidezko oreka lortzea du xede, eta zaintzen erantzukizuna funtsean emakumeek izatea saihesten du. Erabaki dugu 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntza iraunkorra izatea, eta araudi osoa bateratzea", zehaztu du Artolazabalek.
Jaurlaritzak prentsa-ohar bidez azaldu duenez, IV. Planean aurreikusitako kontziliaziorako laguntzen inguruko neurriak aurreko dekretu baten bidez garatu ziren; dekretu horrek hiru urte arteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntzak arautzen zituen.
Ondoren, covid-19aren larrialdi-egoerak EAEko familietan eragindako ekonomia- eta gizarte-inpaktuari erantzuteko, 2020-21 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak deitu zituzten.
Agindu horren arabera, diruz lagundu zitekeen aldia 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartekoa zen.
2021eko maiatzaren 9an, pandemiak eragindako osasun-krisiko egoera kudeatzeko azken alarma-egoera amaitu zen, Jaurlaritzak gogora ekarri duenez. "Une honetan", esan du Artolazabal sailburuak, "EAEko herritarrak lanean ari dira ekonomia- eta gizarte-jarduera berreskuratzeko, eta osasungintza-sistemak arretarako duen gaitasuna bermatzeko".
EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak 2020an EAEko jaiotza-tasaren bilakaeraren inguruan emandako datuen arabera, % 4,5eko jaitsiera egon da jaiotza-kopuruan, zehaztu du Eusko Jaurlaritzak.
Hori dela eta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak erabaki du iraunkorra izatea 0 eta 14 bitarteko seme-alabak zaintzeko pertsonak kontratatzeko dirulaguntza, eta lege-kidego koherente bakarrean bateratzea zaintzaileak kontratatzeko familientzako laguntzei buruzko araudi osoa.
"0 eta 14 bitarteko seme-alabak zaintzeko pertsonak kontratatzeko laguntza kontziliazio erantzunkiderako laguntza-neurri bat da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legean zehazten denez, betebehar eta beharrizan pertsonalei erantzuteko orduan bidezko oreka lortzea du xede, eta zaintzen erantzukizuna funtsean emakumeek izatea saihesten du. Hala, egungo banaketa desberdina zuzendu nahi du, kontuan izanik banaketa hori emakumeek bizitzaren zenbait eremutan jasaten duten desberdintasuneko eta bereizkeriako egiturazko egoeraren oinarrian dagoela", azpimarratu du Artolazabalek.