Gizartea -
bizkaia
Bilboko bidaia agentzia bat ikertzen ari dira, iruzurragatik
Bizkaiko Guardia Zibilaren arabera, 6.200 euro baino gehiago eskuratu zituzten iruzurgileek, kaltetutako pertsonengandik.
agentziak | eitb media
Guardia Zibila Bilboko bikote bat ikertzen ari da, ustez zenbait bezerori iruzurra egiteagatik, daukaten bidaia agentziaren bitartez; bidaien eta paketeen salerosketarekin.
Jakitera eman dutenez, kaltetuak Bizkaian, Kantabrian eta Burgosen bizi dira, eta ezin izan zuten kontratatutako eta ordaindutako oporrez gozatu.
Bizkaian, bidaia bat kontratatu zuten bi pertsonak ipini zuten salaketa. Pandemiak eragindako murrizketak tarteko, atzeratu egin zieten bidaia eta, birprogramatzeko data berriei buruzko informazioa eskatu zutenean, aitzakiak jarri zizkien agentziako arduradunak.
Burgosen, berriz, emakume batek joan-etorrirako 3 txartel kontratatu zituen, harentzat eta adingabeko bi seme-alabentzat, Bilbotik Senegalerako, Madrilen eskala eginez.
Bidaian zehar, ohartu ziren ez zutela Madriletik Senegalera joateko txartelik, eta beste bi herrialdetan beste bi eskala egitera behartu zituen horrek, aurretik ordaindutakoari kostu gehigarria erantsiz. Gainera, familiak etxera itzuli nahi izan zuenean, berriz ordaindu behar izan zituen bueltako txartel guztiak.
Hirugarren kasuan, Burgosen bizi den bikote batek eztei-bidaia kontratatu zuen baina, bidaiari ekiteko egun bat falta zenean, bietako batek positibo eman zuen koronabirusean, eta bidaiagatik ordaindutako dirua itzultzeko izapideak abiatzean, aitzakiak jaso zituzten.
Azken kaltetuak, gizon kantabriar batek, joan-etorrirako txartelak kontratatu zituen Bilbotik Estatu Batuetara joateko. Kasu honetan ere, pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak zirela eta, ezin izan zuen bidaiatu, eta ezin izan zuen agentziarekin harremanetan jarri.
Kaltetutakoek ez dute diru-itzultzerik jaso euren paketeen baliogabetzea edo erreklamazioa eskatzean, ordea, horien egoerari buruzko aitzakiak jaso dituzte bidaia agentziaren partetik. Bizkaiko Guardia Zibilak frogatu zuenez, 6.200 euro baino gehiago eskuratu zituzten, guztira, iruzurgileek.