Gizartea -

Lehortea

Karrantza urez hornituko duten kamioiak udalerrira iristen hasi dira

Lehorteari aurre egiteko, Ramales de la Victoriatik jasoko du ura Bizkaiko udalerriak, egunero, 200.000 litro, hain zuzen ere.

Kamioiak asteazkenean hasi dira iristen. Argazkia: EITB Media.
Kamioiak asteazkenean hasi dira iristen
Lehorteari aurre egiten laguntzeko lehen 28.000 litroak Karrantzako San Estebaneko ur biltegian daude jada

01:11

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karrantza (Bizkaia) edateko urez hornituko duten kamioiak udalerrira heltzen hasi dira asteazken honetan. Lehortea dela eta, Karrantzak egunero 200.000 litro ur jasoko ditu aurrerantzean Kantabriatik iritsitako kamioitan, Raul Palacio alkateak asteartean Euskadi Irratiari esan dionez. 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketa batean, Palaciok zehaztu du Bizkaiko udalerriak Ramales de la Victoriatik jasoko duela ura, eta, nahikorik ez balitz, Ampuerotik. Karrantza hornitzen duten bi urtegiak, alegia, Cerroja eta La Argañeda, % 34an eta % 13an daude hurrenez hurren.

Alkateak jakitera eman du Karrantzak astelehenean jaso duela Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren baimena kamioiak heltzen has daitezen. Ura bi depositutan gordeko dute.

Palaciok nabarmendu du La Argañedako urtegiak, % 13an dagoenak, gehienez % 40an beteta egoteko aukera duela, kontuan izanik nola dagoen eraikita. Udalerriak, hortaz, muga hori du hasieratik, lehorteei aurre egite aldera.

Karrantzan 2.700 bat herritar bizi dira, eta 12.000 abelburu inguru daude bertan, tartean, Bizkaian esnetarako ustiatzen diren behien % 84.

Neurriak, Busturialdean

Lehorteari aurre egitea eta edateko ura bermatzea helburu, Karrantza ez da ezohiko neurriak hartzen dituen lehen udalerria Bizkaian. Hain zuzen, Busturialdeko zenbait udalerrik asteak daramatzate ura jasotzen Bermeoko portuan dagoen itsasontzi batetik. Pedro Maria Barreiro Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerentearen arabera, "salbuespenezko egoeretarako salbuespenezko neurriak" dira horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Lehortea gaur Enkarterri