Gizartea -
Gaztelueta auzia
Gaztelueta auziko biktima, aita santuak ikerketa berrabiarazi ostean: "Albiste ona da, baina mesfidati nago"
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, gazteak espero du Elizak biktima gisa aitortzeak balioko duela justizia arruntak ere "biktimen alde gehiago" egiteko.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Aita santuak Gaztelueta auzia berriz zabaltzeko agindu eta biharamunean, sexu abusuak jasan zituen gazteak esan du "pozik" dagoela erabakiarekin, eta "albiste ona" dela azpimarratu du. Dena dela, aitortu duenez, aiduru dago, "mesfidati", epaitegi kanonikoaren ikerketa berri horrek ekar litzakeen ondorioen aurrean. "Nahikoa egurtu naute bizitzan", gaineratu du.
Radio Euskadiri eskainitako lehen balorazioan, biktimak uste du Frantzisko aita santuaren "borondatea ona" dela, baina era berean, uste du Elizaren "betebeharra" ere badela, "orain arte dena estaltzen ibili dira eta".
Halaber, Elizak biktima gisa aitortzeak justizia arruntean eragingo duelakoan dago. "Espero dut antzeko abusu kasuetan edota pederastia kasuetan, epaitegiek ez izatea hain jarrera itxia eta biktimen alde gehiago egitea", nabarmendu du.
Auzitegi Konstituzionalak otsailean berretsi zuen Gorenak irakasleari ezarritako zigorra. Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion Opus Deiko ikastetxeko maisu ohiari mutikoari sexu abusu jarraituak eta mehatxuak egiteagatik. Epai hark nabarmen murriztu zuen aurrez Bizkaiko Auzitegiak ebatzitako zigorra (11 urteko espetxe zigorra). Gorenak argudiatu zuenez, ez zegoen proba nahikorik biktimak kontatutako zenbait atal egiaztatzeko.