Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Ministerioak osasun kontrolak murriztu ditu itsasoz nahiz airez Espainiara sartzen direnentzat
Munduan eta espainiar Estatuan pandemiaren egoera kontutan hartuta, Osasun Publikoaren Zuzendaritza Orokorrak egoki ikusi du apirilaren 1eko erresoluzioan jasotako hainbat zehaztapen eguneratzea.
Agentziak | Eitb Media
Espainiara airez sartzen diren bidaiariek ez dute irten aurretik osasun kontrolerako galdetegia bete beharko, eta aire- nahiz itsaso-bidezko sarrera puntuetan ezarritako ohiz kanpoko neurriak murriztu egingo dira.
Neurri horiek bertan behera geldituko dira irailaren 20ko, astearte honetako, 00:00etan, gaur Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu den Osasun Publikoaren Zuzendaritza Orokorraren erresoluzioak jasotzen duenez.
Ebazpen honek Espainiara sartzeko puntuetan egin beharreko osasun kontrolak zehazten zituen apirilaren 1eko ebazpena aldatzen du, eta erabaki hori hartu da pandemiak mundu mailan duen eboluzioa eta espainiar Estatuko egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta.
Hala, nazioarteko mugikortasuna normalizatzea bultzatzeko, osasun publikoari ahalik eta kalte gutxien eginez, beti ere, Osasun Publikoko Zuzendaritza Orokorrak egoki ikusi du apirilaren 1eko ebazpenean jasotako hainbat zehaztapen eguneratzea.
Era horretan, jada ez da beharrezkoa izango Spain Travel Health (SpTH) aplikazioa erabiltzen jarraitzea, bidaiariek osasun-kontrolerako formularioa balidatu dezaten informazio epidemiologikoarekin.
Halaber, nazioarteko itsaso-bidaietan normaltasuna berreskuratu dela ikusirik, haietan ezarritako aparteko neurriak ere bertan behera geldituko dira.