Gizartea -
Kongresua
Legea betetzen dute ETBrekin Nafarroan, Espainiako Gobernuaren arabera
Bestalde, Rajoyk Amaiurren beste galdera bati erantzun dio eta ukatu egin du Guardia Zibila legez kanpoko fitxategiak egiten ari dela Nafarroan.
Erredakzioa
Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak esan du "legea betetze aldera" igorri dutela ETBren emisioarekin Nafarroan dagoen auzia Auzitegi Nazionalera.
Bañezek horixe erantzun dio Rafa Larreina Amaiurren diputatuak egindako galderari. Izan ere, Larreinak galdetu dio ea zergatik sartu den Espainiako Gobernua, Estatuko Abokatuaren bitartez, ETB Nafarroan LTD bidez emititzeko auzian.
Lan ministroak esan du auzia Iruñeko auzitegitik Auzitegi Nazionalera igortzeko erabakia "eskumen kontu soil bategatik" izan dela.
Gogora ekarri duenez, eremu publiko erradioelektrikoaren frekuentzia "dagokion titulurik gabe erabiltzea legearen kontrakoa da, eta arau hauste larria, telekomunikazioen araudiaren arabera".
Ministroak azaldu duenez, 2012ko urtarrilean Nafarroako Gobernuaren salaketa jaso zuen, "euskal telebista publikoaren kateak legez kanpo emititzen ari zirela eta".
Apirilaren 4ean Eusko Alkartasunak, ETB Nafarroan ikusi ahal izateko hargailua ordaintzen duenak, helegitea jarri zuen eta Gobernuak alegazioak aurkezteko eskatu dio.
Amaiurreko diputatuak, aldiz, auzia Auzitegi Nazionalera eramateak beste kutsu bat duela eta horren "atzean" zerbait larriagoa dagoela iritzi dio.
Guardia Zibilaren legez kanpoko fitxategiak
Beste alde batetik, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Amaiurren beste galdera bati erantzun dio eta esan du "gezurra" dela Guardia Zibilak Nafarroan legez kanpoko fitxategiak egiteko aginduak dituela.
Jon Iñarritu Amaiurren ordezkariak UGC Guardia Zibilaren elkarteak egindako salaketa izan du hizpide, izan ere, Nafarroako guardia zibilek kontrolak egiteko eta horietan eskuratutako datuak legez kanpoko fitxategietan biltzeko agindua zutela salatu zuten.
Rajoyk azpimarratu du guardia zibil horiek ez zutela egia esan. "Ez dira kontrolak neurriz kanpo egiten ari", eta ez dago egiteko agindurik, gaineratu du Rajoyk.