Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat ikertzen ari dira Gasteizen, bi alaba adingabeak bortxatzeagatik
Udaleko iturrien arabera, susmagarriaren bikotekide ohi eta neskatoen amak salatu ditu adingabeen aurkako sexu eraso jarraituak. Ostiralean atxilotu zuten, eta aske utzi, ikerketapean.
EITB MEDIA
Gasteizko Udaltzaingoa ikertzen ari da gizon batek bi alaba adingabeak bortxatu ote dituen, Udaleko iturriek baieztatu dutenez. Susmagarriaren bikotekide ohi eta neskatoen amak salatu ditu neskatoen aurkako sexu eraso jarraituak.
Gaur goizean bertan, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ikerketa baieztatu du, eta adierazi du bai emakumeari, bai bi alabei arreta ematen ari zaizkiela gizarte zerbitzuak.
"Hori horrela balitz, guztiz nazkagarria izango litzateke, erabat gaitzesgarria, eta legearen pisu guztia haren gain erortzea espero dut", azpimarratu du. Halaber, erabateko babesa eskaini die emakumeari eta bi neskatoei.
Ostiralean atxilotu egin zuten gizonezkoa, eta aske utzi, ikerketapean.