Gizartea -
Euskara
ELAk, LABek eta Kontseiluak EAEko administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamenak aurkeztu dituzte
Sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari eta alderdiei helarazi diete "epe zehatzak eta egingarriak" zehazten dituen oinarrizko proposamena, dekreturako aintzat har ditzaten. Esan dutenez, "gehiengo zabal baten babesa du".
Mikel Dominguez | EITB Media
ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio zerbitzuak 15 urteko epean euskalduntzea helburu duen proposamena aurkeztu dute, eta Eusko Jaurlaritzari eta alderdiei helarazi diete, dekretuak neurriok "bere egin" ditzan. Euren iritziz, dekretua "ausarta eta erabakigarria" izan behar da, eta horretarako, epe "zehatzak eta egingarriak" zehaztu dituzte.
Langile publikoen erdiek hurrengo urteetan hartuko dute erretiroa, eta sindikatuek eta Kontseiluak momentu hori "abagune aparta" gisa ikusten dute administrazioa euskalduntzeko. Helburua prozesu hori 15 urtean egitea da, eta, behin bukatuta, lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatuta egotea. Bestela, uste dute euskaldunek ezingo dutela euskarazko zerbitzua jaso, ezta langile euskaldunek euskaraz lan egin ere.
Prozesuan salbuespenak aurreikusi dituzte, baita euskara ikasi beharko duten langileentzako "bideak eta baliabideak" ere. Izan ere, "administrazioa euskalduntzea eta langileen eskubideak bateragarriak dira", eta edozein kasutan, langileak euren lanpostuetan mantentzearen alde agertu dira.
Proposamenean, epeak zehazten dituzte. 15 urteko prozesua bukatu baino lehenago, 5 urteko epean, "herritarrekiko euskarazko harremana bermatzea" nahi dute ELAk, LABek eta Kontseiluak.
Besteak beste, lanpostuz lanpostuko hizkuntza gaitasun zehatzak definitzea beharrezkoa dela uste dute, herritarren eta beste langileekin duten harremanaren arabera. Egungo "derrigortasun indizearen sistema gainditzea" nahi dute, bestela "beti geratuko baita aukera sektore publikora beharrezko hizkuntza gaitasunik ez duten langileak sartzea", horrek dakarren "gainkostuarekin".
Halaber, uste dute lan deialdi berrietan B2 maila eskatu behar dela, eta prozesuko azterketa bat gutxienez euskaraz izan behar dela.
Bestalde, hizkuntzaren erabilera irizpideak arautzearen garrantzia azpimarratu dute, hizkuntza gutxiagotua lehenesteko, normalizazioaren bidean. "Ezer gutxirako balio du hizkuntza eskakizuna egiaztatzeak eta dagokion gaitasuna duten langileak izatea, ondotik, langile horiek euren lan jarduna euskaraz garatzen ez badute", gehitu dute.
Euskalduntzeari laguntzeko, euskarazko zirkuituak edo euskaraz jardungo duen zerbitzu katea eta unitateak sortzea proposatu dute, eta langileen mugikortasunari buruzko irizpideak ere jaso dituzte. Gainera, langileentzako formakuntza programa "sendoak" egiteko, Hezkuntza sektoreari erreparatzea proposatu dute.