Gizartea -
EPAIA
Nafarroako Auzitegi Nagusiak 7 urteko kartzela zigorra berretsi dio Iruñean emakume bat bortxatu zuen gizonari
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaian nabarmendu denez, biktimaren sinesgarritasuna ez dago zalantzan.
EITB MEDIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zazpi urteko kartzela zigorra berretsi dio 2021eko otsailean Iruñeko etxebizitza batean emakume bat bortxatu zuen gizonari.
Halaber, auzipetuak 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta 10 urtez ezingo da berarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere. Gainera, espetxetik irtendakoan zaintzapeko askatasuna bete beharko du.
Epaian irakur daitekeenez, gertaerak 2021eko otsailaren 19an jazo ziren, orduan 18 urte zituen biktima Iruñeko San Jorge auzoko etxebizitza batera droga erostera joan zenean. Etxe barruan zegoela, auzipetuak gela batera eraman zuen eta han, mugitzea galarazi ondoren, bortxatu egin zuen.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, biktimaren sinesgarritasuna ez dago zalantzan. Gertatutakoaren inguruko bere bertsioa "beti berdina izan da, hasiera-hasieratik".
Aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.