Gizartea -
Istripua
Hil egin da Iruñeko autobus batean gurpil-aulkitik erori zen emakumea
Irailaren 25ean jausi zen 93 urteko emakumea, autobusa semaforo batetik abiatu zenean.
agentziak | eitb media
93 urteko emakume bat hil da Iruñerriko Hiri Garraioko 4. lineako autobus batean gurpil-aulkitik erori eta egun batzuetara. Oliveto Kondearen etorbidean izan zen ezbeharra iragan irailaren 25ean, 13:45ean.
Garraio enpresak ohar batean azaldu duenez, autobusa Yanguas y Miranda kaleko semaforo batean zegoen geldirik, eta Oliveto Kondea etorbidean sartu zenean, 14 km/h abiaduran, gurpil-aulkia mugitu, eta emakumea erori egin zen. Kolpeen ondorioz hil da emakumea egun batzuk geroago.
"Autobusak punta-puntako segurtasun sistemak ditu. 2021ean matrikulatutako ibilgailu bat da, ekoizlearen bermea duena oraindik, 2022ko ekainean ikuskapen teknikoa pasatu berri duena eta mantentze lanak zerbitzu ofizialaren bidez egiten dira. Bestalde, 12 urtetik gorako esperientzia duen pertsona bat ari zen gidatzen", adierazi du enpresak, agintariei laguntzeko prestutasuna, eta gertatutakoagatik atsekabea agertu aurretik.